Les Bascos LGBTI elkartea, barne krisi betean

Zenbait kidek prentsaurreko batean azaldu dutenez, zuzendaritzarekin funtsezko desadostasunak dituzte eta «funtzionamendu demokratikoa ez da gehiago bermatua». Datorren larunbateko «legez kanpoko» biltzar nagusia gibelatzeko galdegin diote zuzendaritzari.

Guy Martin eta Beñat Gaxen, Les Bascos elkarteko kide eta kide ohiak. GUILLAUME FAUVEAU
Guy Martin eta Beñat Gaxen, Les Bascos elkarteko kide eta kide ohiak. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko martxoaren 26a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herria, Biarno eta Landak hartzen dituen LGBTI zentroa da Les Bascos. Haren barnean sartzen dira tokikako elkarteak: Arcolan Biarnon, Nos Couleurs [gure koloreak] Landetan, eta, sinpleki, Les Bascos Ipar Euskal Herrian, bertatik sortu baitzen proiektu orokorra, 2006an. Zentroaren hogei urteak ospatu beharrean aurten, zatiketa ideologikoei aurre egin nahian ari dira azkenaldian. Prentsaurreko bat egin dute goizean zenbait kidek, eta beren iritzia azaldu dute: zuzendaritza «kontserbadoreegia» dela eta «funtzionamendu demokratikoa gehiago bermatua» ez dela. «Segur izan nahiagoko genuela saihestu barne arazoen berri ematea», gaineratu dute.

Krisia 2025eko ekainean hasi zen: orduan Paueko (Biarno) Arcolan adarra zatitu zen, eta zatiketa horretarik sortu zen Arcolan Pau-Bearn, ordu arteko elkartearen segida. Izenak berak aldaketa guti ditu, funtsean kideak berak egon baitira, baina Les Bascos zentrotik bereizirik. Hainbat desadostasunengatik gertatu zen zatiketa; ideologikoak, batez ere; geroztik, Arcom Pau-Bearn taldeak kudeatzen du Paueko harrotasunen martxa.

Handik gutxira, 2025eko abenduan, Les Bascos elkarte orokorraren estatutuak aldatzeko ezohiko biltzar nagusira deitu zuen zuzendaritzak, telematikoki egitekoa: «400 kide inguru ditu Les Bascos zentroak, orduan pentsa zer-nolako zailtasunak ekar zitzakeen manera egokian nork bere iritzia partekatu ahal izateko», ohartarazi du Cyril Martin Les Bascoseko kideak. Hala, bilkura ezeztatu eta 2026ko urtarrilaren 17ra gibelatu behar izan zuten. Aipagai nagusia, orduan, zera zen: Landetako adarra Les Bascos zentrotik ateratzea ofizialki, independenteki funtzionatzen zuelakoan; «egiazki, jadanik hala da duela bost urtetik hona», Martinen ustez.

Biltzar nagusian, beraz, 74 boz atera ziren Nos Couleurs taldea bereiztearen alde, eta 54 kontra. Baina, orduan, zentroaren administrazio kontseilua biltzar nagusiaren erabakiaren gainetik pasatu zen —berez ezinezkoa bazaio ere—, eta elkartearen estatutuak aldatu gabe geratu ziren.

Sei hilabete pasatu, eta deusik ez zen aldatu. Zuzendaritzari begirako blokeo egoera bat instalatu da, eta, kontrako kideek funtzionamenduaren bilakaera aitzineratzen badute ere, argi geratu da hori baino politikoagoa eta filosofikoagoa dela arazoa. Beñat Gaxen Les Bascos elkartearen sortzaileak eta kide ohiak azaldu du hobeki: «Iritzi desberdin oro erasotzat hartzen dute. LGBTQIA+ elkarte bat da Les Bascos, orduan bi bidetarik egin daiteke aitzina: edo kontsideratzen dugu lortutako eskubideak nahikoak direla —hori bide kontserbadorea da—, edo kontsideratzen dugu gure eskubideak etengabe zalantzan jarriak direla. Ikusi dugu nola gertatzen ari den beste zenbait herrialdetan. LGBTQIA+ elkarte batek berez militantea izan behar luke, baina ez da hala: aktibitate esparruetara mugatzen zaie».

Eskoletako prebentzio tailerrei egin die erreferentzia Gaxenek, «biziki positibotzat jotzekoak» direnak haren ustez, baina bestelako gabezia bat ikusten dio elkarteari: LGBTI komunitatearen «bilakaerari» egokitzeko gaitasunik eza. Pixka bat zeharka, baina elkarteak transgeneroen inguruko hausnarketak eramateko dituen muga ideologikoak kritikatu dituzte.

Elkarteari atxiki

Desadostasunak izan arren, kideek ez dute elkartetik ateratzeko gogo argirik agertu, lotua baitzaie aspaldiko urtez, segur aski. «Elkarrizketa sendoak berriz sustatzeko» gogoa dute, nahiz funtsezko desadostasunak izan. Desadostasun horiek ahalbidetuko ote dute zuzendaritzako kideekin berriz harremanak izatea? Hori bera da dilindan dagoen galdera, datorren larunbatean argituko dutena agian. Hain zuzen ere, baliorik gabe geratu diren aitzineko bi biltzar nagusiak ordezkatu behar lituzkeen hirugarrena egitekoa dute martxoaren 28an, 14:00etan Miarritzeko (Lapurdi) elkarteen etxean.

Beste behin, estatutuak aldatzea da gaia: zuzendaritzak orain arte administrazio kontseilua urtero berritzeko izan den aukera mugatu nahi du: estatutu berriek ez dute agintaldi mugarik aurreikusten; hauteskunderik ez litzateke gehiago bulegoaren hautatzeko, berrespenak baizik. Ez Martinek ez Gaxenek ezin dute imajinatu Les Bascos elkartea halako «klub pribatu bat» bilakatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!