Basurtuko agerraldian beste bost pertsona gaixotu dira, eta bat hil

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak iragarri du beste hemeretzi kasu atzeman dituztela PCR bidez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietako bostek Basurtuko agerraldiarekin zerikusia dute: guztira 25 gaixo atzeman dituzte han. Datuek «joera aldaketa bat» erakusten dutela esan du Murgak.

Basurtuko ospitalea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 10a
11:25
Entzun

Basurtuko agerraldiaz argibideak ematera atera dira Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga eta Eduardo Maiz Bilbo-Basurtuko ESIko zuzendari kudeatzailea. Oraingoz, 25 gaixo detektatu dituzte, eta Maizek ziurtatu du hildako bat ere izan dela —beste hainbat gaixotasun ere bazituen—. Azken orduetan beste bost pertsonari atzeman diete gaitza. Erantsi du datuek «joera aldaketa bat» erakusten dutela.

Maizek azaldu du ospitaleko langileei, gaixoei eta bisitei PCR probak egiten ari zaizkiela, eta Basurtuko langile guztiei egitea espero dute (4.500 inguru). Nabarmendu du 423 PCR egin dituztela: 296 profesionalei, 67 gaixoei eta 60 bisitariei. Azaldu dutenez, dagoeneko probak egin dizkiete agerraldia izan den pabiloiko gaixo eta profesional guztiei, eta PCRa egiten diete ospitaleratu behar dituzten gaixoei. Basurtuko agerraldiko zazpi pertsona ospitaleratuta daude.

Positibo eman dutenen artean, bederatzi profesional, hamabi gaixo eta lau bisitari daude. Murgak ziurtatu du kasuak «garaiz» identifikatu dituztela, eta probak egiten jarraitzen dutela. Bost egun baino gehiago ospitaleratuta daramaten gaixoei PCR proba egingo dietela esan du Murgak. Gainera, haren hitzetan, aztertzen ari dira ospitaleetako eremu komunetako gehienezko edukierak berrikustea.

Eguneko datuei dagokienez, beste hemeretzi kasu atzeman dituzte PCR bidez: hiru Araban, hamabost Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Beste hiru pertsona hil dira. Bizkaiko kasu berrietatik bost Basurtuko agerraldikoak direla esan du Murgak.

Txagorritxuko agerraldiak, berriz, bere horretan jarraitzen duela azpimarratu du Murgak. Hau da, atzoko positibo kopuru bera dago (4): bi gaixo, profesional bat eta bisitari bat. 117 PCR proba egin dituzte bertan.

«Normaltasun berrira»

Datuek erakusten duten «joera aldaketa» dela eta, Murgari galdetu diote ea horrek baldintzatu dezakeen hilaren 15ean «normaltasun berrira» igarotzea. Baikor agertu da, baina esan du aztertu egin beharko dela, hurrengo egunetako datuek gomendatzen dutenaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.