Basusarrin (Lapurdi) jarduten duen osteopata eta kinesiologo bat atxilotu du Frantziako Poliziak, hainbat pazienteren kontrako sexu erasoak leporatuta. Ici Pays Basque irratiak zabaldu duenaren arabera, sei salaketa daude haren kontra, bat bortxaketarekin lotua eta gainerakoak sexu erasoekin lotuak. Astelehenean atxiloaldian atxiki zuten, baina behin-behinean libre gelditu zen «osasun arrazoiengatik».
Irrati publikoak gizonezkoaren kontsultara joan ziren hainbat emakumeren lekukotasunak bildu ditu. Kontatu dute hasieran ukitu medikoak egiten zituela baina pixkanaka parte intimoak ukitzen hasten zela, pazienteak hipnosi egoeran zeudela baliatuta.
Gaur egun osteopatian ari bada ere, politika eta kirol munduan jardun izan du gizonezkoak. 2015 inguruan Batasun Nazionaleko hautetsi izan zen Frantziako Niza hirian, eta errugbilari eta errugbi talde bateko buru ere izan zen.

