«Nola joan da?» galdetu zion Gernikako (Bizkaia) Guardia Zibilaren kuarteleko buruak Francisco Burgos Nuñez guardia zibilari. «Bat gutxiago» erantzun zion. Hori entzun zuen 1975eko urriaren 5etik 6rako gauerdian kuartel hartan Josefi Sagastizabalek, atxilotuta eta berogailu bati lotuta zeukaten bitartean. Atxiloaldi hartatik irten zenean jakin zuen Iñaki Etxabe Kanpazarreko Etxabe-Enea jatetxeko langilea hil zutela, Kanpazarren bertan, Bizkaian, tiroz. Inpunitatearen isla ere badira adierazpen horiek. Arakatuz iritsi da Pako Aristi Sagastizabalen adierazpen haietara, eta ondorioztatu du Burgos Nuñezek hil zuela Etxabe, egunak, orduek eta ingurumariek bat egiten dutelako, nahiz eta sendiak ezin izan duen inolako egia ofizialik lortu. Iñaki bota daue liburuan (Erein) gertaera haien eta orduko giroaren kontakizuna bildu du Aristik.
Agiri ofizialik batere ez; izan ere, Etxaberen sendiari berari ordainarazi zioten autopsia, baina ez zuten gero haren txostenik jaso. «Ezereza dago bertsio ofizialean», Aristik liburuaren aurkezpenean kontatu duenez. Garai hartako beste auzi askotako isiltasun ofizialari erantzute aldera, herritarren lekukotzak jaso eta kontrastatuta lortu du liburuan agertzen diren zenbait auziri argi pixka bat ematera.
Ez zen testuinguru baketsua. 1975eko irailaren 27an egin zituen erregimen frankistak azken hilketa ofizialak, Jon Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi euskal herritarrak, eta FRAPeko Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena. Kalea bor-bor zegoen. Urriaren hasieran Arantzazun ikurrin bat jarri zuten. Legez kanpokoa zen orduan, eta guardia zibilak hura kentzera joan ziren. Beherakoan ETAk jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen eta Esteban Maldonado, Jesus Pascual Martin Lozano eta Juan Moreno Chamorro guardia zibilak hil ziren. Gerra zikinak ere indarra hartu zuen ordutik aurrera. Testuinguru hartan hil zuten Etxabe guardia zibilek, Aristik ondorioztatu duenez. Atzean mendekua egon ote zitekeen ere pentsatu dute; izan ere, Iñaki Etxabe Juan Joxe Etxaberen anaia zen, eta Juan Joxe, ETAkoa izateaz gain, «karisma handia zuen». Iñaki Etxabe hilda mendekua lortu zutela ondorioztatu dute, «helburu erreza zelako, tabernan harrapatzea erreza zelako eta oihartzun handia eragin zezakeelako».
Agirre taxista ez zuen ETAk hil
Auzi hori eta beste batzuk arakatu ditu egileak liburuan. German Agirre taxistarena tartean. Etxabe eta Agirre lagunak ziren, eta Agirreren gorpua balaz josita agertu zen guardia zibilaren kuartelaren aurrean. Bi bertsio zabaldu ziren orduan: ETAk hil zuela, salataria zelakoan; Guardia Zibilak hil zuela, ETAri laguntzen ziolakoan. Xabier Arrieta Fagor kooperatibako buruarekin Ipar Euskal Herrira bidaia asko egiten zituen Agirrek taxista gisa. Arrietak estimu handitan zeukan Agirre, eta heriotza hark Agirreren sendian eragin zuen zartada zela-eta, ETArengana iristea lortu zuen, zuzenean galdetzeko ea haiek hil zuten. Ezezkoa erantzun zien orduko zuzendaritzak; tartean zen Joxe Manuel Pagoaga Peixoto ETAko orduko buruzagietako bat. Hark eskuizkribu bat egin zezan lortu zuen Arrietak, sendiari honakoa helarazteko: «Ez dugu zure senarra hil eta doluminak helarazten dizkizugu».
Eskuizkribu hori orain lortu dute, eta liburuan jasota dago. Horrekin orain arte ezezaguna zen beste egia bat argitzea lortu dute.
Gerora, bai Etxabe eta baita Agirre ere motibazio politikoko biktimatzat aitortu zituen Arrasateko Udalak. Jaurlaritzak ere motibazio politikoko biktimatzat aitortu zuen Etxabe 2023an.
Etxaberen, Agirreren eta beste hainbat bidezidorretan galdutako auziren inguruko ikerketen emaitzak jaso ditu Aristik. Esker onez mintzatu zaio Olatz Etxabe Iñaki Etxaberen alaba, egindako lanarengatik.
Antzera aritu da Ander Lizarralde Gure Bazterrak elkarteko kidea ere, Aristik eta Erein argitaletxeak erakutsitako prestasunagatik eta egindako lanarengatik: «Sekretu ofizialen legearen zain edo Jaurlaritzaren zain egotea denbora haien esku uztea da». Kontakizunaren erritmoan herritarrek esku hartzea defendatu du.