La Directa agerkariak omenadiko argazkiak eskuratu ditu. Eskela publikoaren arabera, Zabala uztailaren 30ean hil zen. Hori dela eta, La Directako kazetariek omenaldia abuztu eta urri bitartean kokatu dute. La España en Marcha eta Hogar Social Ramiro Ledesma elkarteek antolatu zuten omenaldia Madrilgo Los Cien Balcones jatetxean.
Zabala 1960ko hamarkadako Gipuzkoako Aldundi frankistako presidenteordearen semea eta Jose Soltxaga jeneralaren biloba zen. Trantsizioan Ignacio Maria Iturberekin batera Batallon Vasco Español eskuin muturreko talde armatua sortu zuen. Zabalak eta Iturbek mugaren alde batean eta bestean egin zituzten ekintzak. Euren komandoak zazpi pertsona hil eta beste bi larri zauritu zituen Gipuzkoan 1979 eta 1981 urteen artean.
Biak atxilotu zituzten 1981eko martxoan. Urte hartan epaitu eta zigortu zituzten, besteak beste, Jose Ramon Ansa, Tomas Alba Donostiko Herri Batasuneko zinegotzia, Felix Sagarna, Miguel Maria Arbelaitz, Luis Maria Elizondo, Joaquin Antimasbere eta Francisco Ansa hiltzeagatik. Zabalak 1992. urtean hirugarren gradua eskuratu zuen. Baldintzapeko askatasuna, berriz, 1994an eman zioten. Bost urte geroago behin betiko aske gelditu zen.