Batasunak prozesuaren alde zer egiteko prest dauden argitzeko eskatu die EAJ, EA eta EBri

Herritar talde batek antolatuta egin zen Aberri Egun bateratua "aberasgarria" izan zela iritzi dio Joseba Permachek, baina jeltzaleek eta EAk beren kabuz aritzea nahiago izan zutela deitoratu du. Aberri Eguna beren alderdi intereserako erabiltzea leporatu die alderdi horiei. Espainiako Gobernuak hartarako borondaterik izanez gero Batasunak hauteskundeeta parte hartzeko astirik badagoela oraindik nabarmendu du.

2007ko apirilaren 9a
16:07
Entzun
Pozik agertu da Permach Irunen eta Hendaian egin zen Aberri Egun bateratuko ekitaldiak izan zuen arrakastarekin, eta datorren urtean ere jarraitu beharreko bidea dela iritzi dio. Batasuna, Aralar eta AB izan ziren Aberri Eguna ekitaldi bateratuen bidez ospatu zutenak. Aldiz, EAJk eta EAk ordezkaritza bana bidali zuten Irundik Hendaiara joan zen manifestaziora, baina Aberri Eguneko ekitaldi nagusiak beren kabuz egin zituzten, jeltzaleek Bilbon eta EAk Gernikan.

Jarrera hori kritikatu du Permachek, eta alderdi bi horiek Aberri Eguna ETAren, Batasunaren eta ezker abertzalearen kontra aritzeko baliatu zutela iritzi dio. Aldiz, Espainiako eta Frantziako estatuen aurkako ezer ez esatea leporatu die, "Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukerarik ez izatearen arduradunak haiek izan arren". Gainera, EAJk zein EAk Aberri Eguna beren alderdi interesen alde erabili zutela uste du: Aberri Eguna "alderdi egun" bilakatu zutela.

ETAk Gara-ri emandako elkarrizketaren bidez, "elkarrizketarako gonbidapena" egin duela esan du Permachek, eta "borondatez eta objektibotasunez" ari den guztiak sumatzen duela erakunde armatuaren asmoa "prozesu demokratikoa bultzatzea" dela.Ildo horretatik, EAJri, EAri eta EBri eskatu die argitzeko zer dauden prozesuaren alde egiteko prest.

Batasunak hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko gakoa borondatea dela erantsi du; hau da, Espainiako Gobernuak hartarako borondaterik badu ez dagoela arazorik eta oraindik astia badagoela. Era berean, beste alderdi eta eragileen borondateak ere bide horretan lagun dezakeela azpimarratu du .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.