Grande-Marlaskak 72 orduko epea eman die Espainiako Poliziaren Informazio Unitate Zentralari eta Guardia Zibilaren Informazio Brigadari Batasunaren jarduera politikoari buruzko txostenak osatzeko. Gero, Fiskaltzari helaraziko dizkio, Batasunaren aurkako neurriak har ditzan.
Auzitegi Nazionaleko fiskal nagusi Eduardo Fungairiñok "teorian" Batasunaren batzarra ez litzatekeela egin behar adierazi du Grande-Marlaska epailearen ekimenari buruz galdetu diotenean. "Deseginda dagoen erakunde baten batzarra, teorian, ezin da egin", nabarmendu du. Dena den, fiskaltzak zein jarrera hartuko duen ez du argitu nahi izan, epaileak igorritako txostenak aztertu aurretik halakorik egitea ez litzatekeela zuzena argudiatuta, baina, hala eta guztiz, Batasunaren ekimena ez dela legezkoa ziurtatu du.
AVTk salaketa
Bestalde, Batasunak BECen egiteko asmoa duen batzarraren kontrako salaketa aurkeztu du gaur AVTk, debekatua izan dadin. AVTren arabera, Batasunak ekitaldi hori egin ahal izatea "Zuzenbide Estatuaren urratze argia da".Salaketarekin batera, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako kritika gogorrak egin ditu Felipe Alcaraz AVTko buruak: "ETAren txantajearen aurrean behin eta berriz amore ematea" leporatu dio.
Azken egunotan, PPko zenbait buruzagi ere Batasunaren ekitaldia galaraztearen alde agertu dira. Atzo, berriz, Espainiako Fiskaltza Nagusiak edo Estatuko Abokatuak halakorik eskatuz gero debekatu egingo dutela iradoki zuen Francisco Jose Hernando Auzitegi Goreneko buruak.
Ildo horretatik, Manos Limpias funtzionarioen elkarteak idatzi bat helarazi dio Espainiako Auzitegi Goreneko Sala bereziari, hilaren 21ean Batasunak BECen egin behar duen ekitaldia eragotzi dezan eskatzeko. "Batzarra egin ez dadin" beharrezko neurriak hartzeko eskatu dio zehazki Manos Limpiasek Gorenari, besteak beste, "Jaurlaritzako Barne sailburuari eta Gobernuaren ordezkariari ekitaldia debeka dezatela" exijitzea.
Zapatero ere aritu zen atzo gai horri buruz, eta esan zuen debekua erabakitzeko neurriak hartzea, hein handi batean Euskal Autonomi Erkidegoari dagokiola. Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, adierazi zuen Batasunak ekitaldi hori egitea euskal gizartearen gehiengoak normaltasun osoz ikusten duela, eta baita Jaurlaritzak ere.
Politika