Ipar Euskal Herrirako «etapa instituzional berri bat» lantzera engaiatu dira Batera plataformako kideak Ezpeletan (Lapurdi) egin duten biltzar nagusian. Azken urteetan lo zegoen herritar mugimendua birfundatu dute, eta iragarri dute estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko herri mobilizazioaren beste fase bat abiatuko dutela. Instituzio berri horren eredua adostea izanen da lehen lana; ondoren, kontsentsu horrekin, Frantziako Estatuko arduradunekin negoziazioak abiatzeko.
2002an sortu zuten Batera plataforma, lau aldarrikapen nagusiren inguruan: euskal departamendua, euskararen koofizialtasuna, laborantza ganbera eta berezko unibertsitatea. Ipar Euskal Herriko sektore anitzetako jendea batu zuen garai hartan, eta hala izan da birfundazioaren biltzarrean ere. Han izan dira, besteak beste, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak —PSko Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz eta EH Baiko Peio Dufau—, Frederique Espagnac PSko senataria, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, EH Bai, Sortu eta EELVko kideak, CFDT, LAB eta ELB sindikatuetakoak, Alda, Bizi eta euskalgintzako eragileetakoak, Xuti Gaztekoak, Paxkal Indo Garapen Kontseiluko lehendakaria eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramailea. 120 pertsona inguru elkartu dira.
Menane Otxandabaratz Batera-ko talde eragileko kideak erran duenez, «aniztasun» hori erakutsi nahi zuten. «Erakusten du behar bat badela beste pauso bat emateko instituzio arloan», azaldu du. Hemendik aitzina, mahaigaineratu nahi duten lurralde kolektibitatearen eredua landuko dute. Euskal Hirigune Elkargoaren eskumenak ez ezik, departamenduarenak ere biltzea nahiko lukete. Alde horretatik, gaur egungo Lyongo metropoliaren eredua dute inspirazio iturrietako bat.
Ikusi gehiago
Ondoko hilabeteetan, informazio eta sustengu kanpaina abiatuko du Batera-k, instituzio berriaren aldarrikapena gizarteratzeko. Bilkurak eginen dituzte tokian-tokian, eta eragileekin harremanak hasiko dituzte. Iragarri dutenez, urrian, Lyongo eredua esplikatzeko gogoeta egun bat eginen dute. 2026ko martxoan izanen dira herriko bozak ere ikusmiran dituzte: aldaketa instituzional horren aldeko gehiengo bat eskuratzea dute helburu. Boz horien ondoren osatuko den Euskal Elkargo berria ere aldarrikapen horren aldeko gidari bilakatuko dela espero dute, Ipar Euskal Herriaren izenean mintzatzeko Frantziako Estatuaren aitzinean. 2027an hamar urte beteko ditu Euskal Hirigune Elkargoak, eta urte berean izanen dira Frantziako presidentetzarako hauteskundeak. Garai horretarako negoziazio eta mobilizazio fase bat aurreikusi dute.
Ereduak ezbaian
Estatus bereziko lurralde kolektibitate baten aldeko apustua egin zuten 2013an jadanik; Batera plataforma ez ezik, Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Auzapezen Biltzarrak eta Merkataritza Industria Ganberak babestu zuten proposamena, eta haren aldeko mobilizazioa bultzatu zuten. Eskaerari ezezkoarekin erantzun zion Parisek, eta, azkenerako, Notre legea baliatuta, hirigune elkargo bat sortzea proposatu zuen Frantziako Estatuak, Pirinio Atlantikoetako prefetaren bidez. Ontzat eman zuen gehiengoak, nahiz eta ez izan hasieran markatutako irizpideen araberakoa, hainbeste urtez igurikatu instituzio aitortza lortzeko bidea zelakoan; «garaipen historikotzat» jo zen garai hartan, eta hala berretsi dute Batera-ren birfundazioan ere. 2017ko urtarrilean sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, Ipar Euskal Herriko 158 herriak biltzen dituen mankomunitatea. Herriko etxeen eskumenak ditu, eta departamenduaren azpiko mailan da.
Batera-ren sorreratik plataformako kide izan da Etxegarai; gaur egun, elkargoko lehendakaria da. «Denek bat egiten dugu errateko hartu genuen instituzio eredua ez dela gure borondate eta proiektu politikoei egokitua». Estatus bereziko lurralde kolektibitate baten beharra berretsi du, eta erran du eredua adosteko gogoeta abiatu behar dela. «Ez da sinplea izanen: sektore anitzetako jendea bildu beharko dugu, eta gure solaskideak konbentzitu beharko ditugu. Ez baita ahantzi behar, ororen buru, Frantziako Asanblean bozkatutako lege bat beharko baita kolektibitate hori sortzeko».
«Ez da sinplea izanen: sektore anitzetako jende bildu beharko dugu, eta gure solaskideak konbentzitu beharko ditugu»
JEAN RENE ETXEGARAIEuskal Hirigune Elkargoko lehendakaria
«Gure eredua finkatu behar dugu, baina departamenduarekin mintzatu beharko dugu»
COLETTE CAPDEVIELLE PSko diputatua
Lyongoa inspirazio iturri izan daitekeela erran du Etxegaraik, baina ez «eredu», hango lurraldeak ez baitu zerikusirik Ipar Euskal Herrikoarekin. «Dauden eredu guziak aztertu beharko ditugu». Bide beretik jo du Mercedes Graciet Ipar Euskal Herriko CFDTko idazkari nagusiak. «Gure ustez, egokiagoa da Korsikako eredua». Ondoko hilabeteetan sindikatuaren Frantziako organoetara eraman nahi dute gaia, Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantzia osoan ere eman diezaioten babesa.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren errealitatea kontuan hartu behar dela azpimarratu du Capdeviellek. «Lyongo lurraldean departamenduko presidentea bilakaera instituzionalaren aldekoa zen; ez dezagun ahantz hemen Jean Jacques Lasserre dela presidentea [euskal instituzioaren kontrako posizioa agertu du historikoki]». Departamendua bitan zatitzeak Biarnon eragiten duela erran du, eta ohartarazi du han ez dutela etorkizun instituzionalari buruzko gogoetarik. «Gure eredua finkatu behar dugu, baina departamenduarekin mintzatu beharko dugu».
Euskara eta burujabetza
EH Baiko kide gisa autonomia estatutu baten sorrera defendatzen badu ere, Dufauk argi du «etapaka» joan behar dela, aldian aldiko adostasun zabalak eskuratuz. Erran du Euskal Hirigune Elkargoa sortu zeneko kontsentsuaren hein berekoa lortu behar dela. «Bigarren etapa da Parisen nola lantzen ahalko dugun hori. Korsikarrak ari dira haien lana bururatzen, kanakyarrak ere aitzina doaz, eta, orain, Euskal Herrian. Hiru diputatuak boz bakarrez ari gara, helburu bera dugu horren inguruan; gure lana izanen da Parisen pedagogia egitea».
«Behar dugu instituzio azkar bat; legez koofizialtasunik lortzen ez badugu ere, izan dezagun berme bat hizkuntz eskubideak errespetatuak izanen direla»
PEIO JORAJURIABatera-ko talde eragileko kidea
Euskararen koofizialtasuna zen Batera-ren hastapeneko aldarrikapenetako bat, eta euskara arloan aitzinatzeko beharra agertu dute biltzar nagusian parte hartu dutenetako batzuek. Hori defendatu du talde eragileko kide Peio Jorajuriak ere: «Behar dugu koska bat gainditu hemengo egitura batek ukan dezan botere judiziala, instituzionala eta juridikoa hizkuntza politiketan eragin ahal izateko. Gaur egun mendekotasun handiegia dugu Parisko, Bordeleko eta Paueko erabakiekiko; gutxiengo gisa tratatzen gaituzte. Behar dugu instituzio azkar bat; legez koofizialtasunik lortzen ez badugu ere, izan dezagun berme bat hizkuntz eskubideak errespetatuak izanen direla».
Azkenik, burujabetzaren bidean egindako urratsa txalotu du Etxaburuk. «Seguru gaude gure lurraldean egiten diren burujabetza prozesuek gainontzekoen burujabetza laguntzen dutela. Guk horrekin bat egiten dugu, zazpi lurraldez osatua izanen den herri libre baten atzetik gabiltzalako».
LURRALDE KOLEKTIBITATEA
Frantziako Estatuko administrazioan lau tokiko erakunde zehazten ditu legeak: herriko etxeak, mankomunitateak —herri, hirigune ala hirialde elkargoak izan daitezke neurriaren arabera—, departamenduak eta eskualdeak. Bakoitzaren irizpideak eta eskumenak Frantziako Legeak zehazten ditu, eta lurralde guzietan berdinak dira.
Baina konstituzioaren 72. artikuluak aukera ematen du esparru horretatik ateratzen diren estatus bereziko lurralde elkargoak sortzeko. Sei dira gaur egun: Guyana, Martinika, Mayotte, Korsika, Paris hiriburua eta Lyongo metropolia. Frantziako Asanbleak onartutako lege bat behar da estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzeko. Ipar Euskal Herrirako ere halako erabakia beharko litzateke.