Bateragune auzia itxaropenezko aro politiko berria zangotrabatzeko ahalegina dela salatu du Rafa Diez Usabiaga auzipetuak. Bakea eta demokrazia bermatzeko garaian, heldu den astelehenean hasiko den epaiketa iraganeko «inertziaren» aztarna dela azaldu du.
Diezen iritziz, «polizien tesi edo hipotesietatik» sorturiko «eraikuntza artifiziala» dira epaiketako akusazioak. ETAren borrokaren aurkako aitzakian, ezohiko legeen bidezko «txikle juridikoan» giza eskubideak urratzen direla azaldu du. Izan ere, Bateragune auzia militante independentisten kontrako «epaiketa politikoa» dela salatu du. Helburu bakarra apustu politiko bat «zapuztea» duen auzia, hain zuzen ere.
Aro berrian sakontzeko, Espainiako Gobernuari dei egin zion Diezek; garai politiko berrian «guztien» lana beharrezkoa delako. Atzera begiratu bai, baina, batez ere, aurrera begiratu behar da, auzipetuaren irudiko; «belaunaldi berriek indarkeriarik, errepresiorik, eskubide urraketarik eta sufrimendurik» ezagut ez dezaten, eta bakoitzak «proiektu politiko oro hipotekarik gabe eta berdintasunez» jorratu ahal izan dezan.
Epaiketak egungo sistema politikoa «auzian» jarriko duela uste du Diezek. Haren aburuz, fase politiko berriari eta euskal independentismoari aurre egiteko «gaitasun falta» erakutsi du sistema horrek. Auzipetuarentzat, zenbait eragile iraganean iltzatuta daude, «gatazkaren beharra» daukatelako. Horregatik, haren irudiko, hutsune politiko horri jarraiki jartzen dituzte oztopoak. Dena den, denbora trabak jartzen dituztenen aurka dagoela azaldu du Diezek, gatazka konpontzeko ahaleginik egiten ez duten heinean euskal gizartearen aurrean «zilegitasuna» galtzen joango direlako.
Auzipetu guztien izenean, ezker abertzalearen apustu politikoa «atzera bueltarik gabekoa» dela adierazi du Diezek, eta apustuaren irmotasuna azpimarratu du «edozein probokazioren gainetik» dagoela esanez.
Euskal gizartearekin eta nazioartearekin daukaten konpromisoa berresteaz gain, Rafa Diezek gaineratu du duela bi urte urratzen hasitako bidean ezker abertzaleak hartutako erabakiekiko eta egindako apustuekiko «koherente eta leial» jokatuko dutela «amaieraraino», bake jokalekua eraiki eta gatazka gainditzeko behin betiko konponbidea lortzeko.
Bateraguneren auziak aro politiko berria oztopatzeko asmoa duela salatu du Diezek
Ezker abertzalearen apustu politikoarekiko «leial eta koherente» jokatuko dutela dio: «amaieraraino»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu