«Bake horren aurka hemen, hazten, boteretzen, zerbait badabil. Bidexka bat ikusten da lubaki honetatik». Feminismoa lubaki izanen dute udazkenean Zaldibarren (Bizkaia), Euskal Herriko Gazte Feministek antolatu duten Baterajotzean. Hain zuzen, egungo jokaleku politikoa aintzat hartu eta elkartzeko beharra dagoela adierazi nahi dute, Uma Ulazia taldeko kideak esplikatu duenez: «Elkargune izan behar du bere burua gazte eta feministatzat duen ororentzat, gazte feministen sarearen barrukoa izan zein ez».
Bada, lau hilabeteren buruan gazte feministen elkargune izanen den tokian bildu dira gaur ere hainbat eta hainbat gazte feminista, Zaldibarren. Aner Peritz eta Aissa Intxausti igo dira oholtzara lehenbiziko, eta bertsotan jardun dute gazteek udaletxeko plaza betetzen zuten bitartean.

Uxue Alkorta Euskal Herriko Gazte Feministetako kidea zutela gidari, bi bertsolariak, Olatz Salvador eta Iholdi Beristain elkartu dira aurtengo kantuaren eta bideokliparen sorkuntza prozesuaz mintzatzeko: Peritzek eta Intxaustik idatzi dute abestia —Su hau dena du izena—, eta Salvadorrek eta Beristainek kantatu. Baterajotzea gazte eta feministen elkargune izanen den bezala, kantua eta bideoklipa ere lau ikuspegiren elkargune izan dela esplikatu dute. Izan ere, bakoitzak bere «sorkuntza eta artea» erabili ditu gazte feministei, eta oro har feminismoari, kantu bat egiteko. Abestia zuzenean kantatu dute gero, eta plazak txalo artean hartu ditu, hasi eta buka.
Antolakuntzari
«Kantan aldarri feministak jasotzen dira, antolakuntzari egindako kantu bat delako», erran du Ulaziak. Izan ere, borroka eta gozamena lotuta daudela uste dute: «Borrokak egiten gaitu aske, eta askatasun horrek eramaten gaitu gozamenera. Uste dugu feminismoa badela horren adibide bat: ez bakarrik amaierako garaipen bat existitzen bada horrek gozamen hori emango digulako, baizik eta bidean sortzen ditugun eremuak ere badirelako erosoak eta gozagarriak».
Kantuan, gainera, Euskal Herriko zenbait borroka jakini egindako erreferentziak ere badaude, «epika partekatuak bilatzeko»: lurraren defentsan herri oso batek makineriari bideak itxi zizkion bezala, denen artean feminismoaren lubakia defendatzeko. Izan ere, Ulaziak erran duenez, pobreziaren, pribatizazioaren eta eskuin muturraren hauspotzearen testuingurua da egungoa, eta badago feminismoaren «despolitizazio saiakera» bat. «Erreakzionarismoa hauspotzen ari dira, eta inoiz baino beharrezkoagoa da feminismoaren lubakia defendatzea», gehitu du.
«Erreakzionarismoa hauspotzen ari dira, eta inoiz baino beharrezkoagoa da feminismoaren lubakia defendatzea»
UMA ULAZIAEuskal Herriko Gazte Feministak
Oldarraldi erreakzionario horretan, diskurtso transfoboak agertu dira han-hemenka. Bada, Ulaziaren irudiko, «bollera eta trans subjektuak estrategikoak dira patriarkatuaren kontra egiteko». «Erresistentzia praktika konkretuei daudelako lotuta subjektu horiek, eta, beraz, horietatik artikulatzen diren borrokek zentralitatea izan behar dute gure sarean». Are, zentralitatea izateaz gain, ezinbertzekoa zaio sexu-genero disidenteen sare eta batzarrekin aliantzetan sakontzea.
Subjektu politikoa
Aliantza horiek eraikitzeko bidea eman zien iaz hartutako erabakiak: Euskal Herriko Neska* Gazte izena zuten, eta Euskal Herriko Gazte Feminista izenarekin aldatu. Subjektu politikoen aldaketa horrek «arnasberritze» bat dakar, Ulaziak erran duenez; subjektu politikoa bera «borrokarako tresna» gisa ulertzen dutelako. «Gu ez gaitu elkartzen neska izateak, baizik eta feminista izateak, eta horrek aukera pila bat ematen dizkigu militantzia praktiketara begira», gehitu du.
«Gu ez gaitu elkartzen neska izateak, baizik eta feminista izateak, eta horrek aukera pila bat ematen dizkigu militantzia praktiketara begira»
UMA ULAZIAEuskal Herriko Gazte Feministak
Azaldu du aldaketa ez dela soilik izenera mugatzen, militantzia praktiketan «lurreratu» behar dela, eta horretan aritu direla sareko kide diren talde feministak. Bertzeak bertze, aliantzei dagokienez, edo antolatzeko moduari eta diskurtsoari buruz aritzean.
Subjektu politikoen aldaketa iaz egin bazuten ere, lehenbiziko Baterajotzean hasi zituzten horri buruzko eztabaidak. Hain zuzen, Mugimenduan gaude, lurrikara gara lelopean 600 lagun inguru bildu ziren 2021ean, Elizondon (Nafarroa). Helburua feminismoaren burrunba eta dardara hedatzea izan zen; eta, bertzeak bertze, hainbat krisiren gaineko gakoak aztertu zituzten, ikuspegi feminista oinarritzat hartuta.

Ulaziak esplikatu du eztabaida horiek bultzatuta antolatu zutela bigarren Baterajotzea: «Bertan planteatu zen aldaketa, eta kolektiboki berretsi zen». Duela bi urte egin zuten, Usurbilen (Gipuzkoa), azaroaren 30eko greba feminista orokorraren atarian. Utopiak lehertzeraino lelopean, ehunka feminista elkartu ziren, gazteek grebarako «antolaketa propio bat» behar zutela sinetsita.
Ulaziak erran du, finean, prozesu horretan «heterosexualitateak betetzen duen egiturazko funtzioaren inguruan lanketa» egin zutela: «Horrek aukera ematen digu patriarkatuaren ulerkera sartzeko, eta, ildo horretatik, diskurtsoa berritu eta erradikalizatu egiten da».
Diskurtso hori plazaratuko dute urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte. Euskal Herriko Gazte Feministena ez delako partxe huts bat sisteman, hitz bat gehiago leman. «Gurea ez da, gurea ez da, gurea da su hau dena».