Batu, erronkei erantzuteko

Euskal Herria Batera plataformak «zatiketa» baztertzeko eta «batasunaren» alde egiteko garaia dela aldarrikatu du: «Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izan dadin euskal herritarrek erabakitzeko»

Euskal Herria Batera-k antolatutako ekitaldia, atzo, Donostiako Miramar jauregian. JON URBE / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Zatiketa baimendu ezin dugun luxua da», adierazi dute Euskal Herria Batera plataformako kideek. Aberri Egunaren testuingurua baliatu dute batasunaren aldeko deia egiteko, eta Euskal Herriko arlo anitzetako ordezkariak bildu zituzten atzo Donostiako Miramar jauregian; politikagintzatik kultur arlora, sindikalismotik kirol mundura. Euskal Herria Batera-ko eledun Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak manifestu bat ere irakurri zuten, Euskal Herriko zenbait fundaziotako kideen izenean: «Batera bagara eta indarra badugu».

Ikusi gehiago:Transmisioa eta batasuna, Itsasuko ekitaldiaren aldarrikapenetan

«Herri erronkei aurre egiteko» eta Euskal Herriaren «etorkizuna ziurtatzeko» euskal herritarren batasunak duen garrantzia nabarmendu zuten Garaik eta Zabalak, Euskal Herriko zenbait fundaziotako kideen izenean. Ekitaldian azaldu zutenez, testua ondorengoek sinatu dute: Mireia Zarate Sabino Arana fundazioko presidenteak, Iratxe Esnaola Olaso Dorrea fundazioko presidenteak, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Center-eko lehendakariak, Naiara Goia ArantzazuLab laborategiko zuzendari nagusiak, Carlos Etxepare kazetariak, Maria Elena Etxeberri Ekin argitaletxeko kideak, Eguzki Urteaga Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta Koldo Viñuales Irujo Etxea elkarteko kideak. Horien arabera, batasun horrek bide eman behar du «jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta giza kohesioa ardatz»; baita «Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izan dadin euskal herritarrek erabakitzeko».

Zabalak eta Garaik atzera begira hasi zuten euren mintzaldia, Irulegiko Eskuaren aurkikuntza eta Emakume Abertzaleen Batzaren ehungarren urteurrenak hizpide. «Gure aurreko belaunaldi horiek guztiak izan zirelako baikara gaur egun». Hala, euskal herritar guztiei dei egin zieten aurrera bidean atzera ere erreparatzeko. «Nondik gatozen behar dugu jakin, beldurrik gabe nor garen, zer garen, esateko. Gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara», adierazi zuen Garaik.

Eledunen hitzetan, «erronka izugarriak» ditu Euskal Herriak aurrez aurre, baina Zabalak gehitu zuen «ahul» dagoela haiei erantzuteko: «XXI. mendera heldu gara eta ez da gutxi, baina herri gisa zatituta, herri gisa nahi dugun subiranotasuna lortu gabe, eta demografikoki zaharkituta heldu gara». Izan ere, erronka horiei «estaturik gabe, zatiturik eta nazio gisa gutxiagotuta» erantzun beharko zaie.

Iraganari eta orainari erreparatuta, etorkizunerako beharrei heldu zien Garaik: «Nora joan nahi dugun behar dugu adostu denen artean». Haren esanetan, Euskal Herria bezalako «herri txiki batek» ezinbesteko du batasuna oinarrizko aferetan, eta egungo testuinguru historikoak horretarako baldintzak ezarri ditu. Hala, herritarrei adierazi diete Aberri Egunak batasun asmo horien adibide izan behar duela. «Desberdintasunetik batasunerako deiadarra».

'Bagara, badugu'

Bagara, badugu lelopean egindako ekitaldian, presente egon ziren musika eta dantza ere, Janire Etxabe dantzariaren, Kimu txalapartarien, eta Miren eta Juantxo Zeberio, Maddi Oihenarte eta Ines Osinaga musikarien eskutik. Parte hartzaileen artean izan ziren, besteak beste, Donostiako alkate Eneko Goia, EAJko Joseba Egibar eta Peio Etxeleku, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Mertxe Aizpurua, Ahal Dugu-ko Miren Etxebeste, Geroa Baiko Unai Hualde, Xabier Euzkitze aurkezle eta bertsolaria, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, Josu Etxaburu Gure Esku-ko eleduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.