Batuz Aldatu: «Diskrezioz baina etenik gabe»

Irailean aurkeztuko dituzte hizkuntza politiketan egin beharreko jauziaren berme izango den itun soziopolitiko berriaren edukiak: «ezagutzaren unibertsalizazioa» eta euskara «eroso» erabiltzeko eremuak sortzea, trinkotzea eta ehuntzea dira oinarriak.

Idurre Eskisabel, Aitziber Blanco, Igor Arenaza eta Leire Alberdi, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Idurre Eskisabel, Aitziber Blanco, Igor Arenaza eta Leire Alberdi, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko ekainaren 20a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gero eta eragile gehiago esaten ari dira euskararen biziberritzeak susperraldi bat behar duela; urratsak ez dira aski: «jauzia» egin behar da orain. Orokortzen ari da aldarria. Euskalgintzaren Kontseilua aitzindari izan da horretan: Batuz Aldatu ekinbidea aurkeztu zuen 2021eko ekainean, eragile askorekin lankidetzan. Hizkuntza politiketan aurrera egiteko garaia zela nabarmendu zuten: «Gaur egungo hizkuntza politiken langa gainditu egin behar dugu». Euskal Herriko hainbat arlotako 99 eragilek egin zuten bat dokumentu harekin, eta adostasuna trinkotu egin da ordutik: 113 dira egun, askotarikoak. Lanketak beste hainbat mugarri ere izan ditu ordutik, eta xedea argia da: etorkizuneko hizkuntza politika berrirako «bide orria» marrazten laguntzea. Gaur, agerraldi batean, Kontseiluak itun soziopolitiko horren edukiak zehazteko hilabeteotan egin den lan martxaren berri eman du: «diskrezioz baina etenik gabe» egindako bidea aurkeztu du.

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelen ondoan, Batuz Aldaturen edukiak zehazteko lanean ari den talde eragileko kide Igor Arenazak eta Leire Alberdik hartu dute hitza agerraldian; Athletic Clubeko ordezkaria da lehena, eta Euskal Kontsumitzaileen Elkartekoa bigarrena. Oso pluralak dira egitasmoaren atzean dauden eragileen ezaugarriak, eta horren erakusgarri ere izan dira agerraldian parte hartu duten bi eragileak ere. Taldeko partaide guztiak hauek dira: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Bizipoza bilgunea, Euskal Kontsumitzaileen Elkartea, Taupa mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa. Gaurko agerraldian parte hartu du Aitziber Blancok ere: elkarrizketa prozesuaren dinamizatzailea da bera.

Lan «isila» izan dela esan dute, eta emankorra. «Benetan elkarrizketa aberatsa sortu da parte hartzaileen artean, xehetasun eta ñabarduraz betea, eta euskararen normalizazioan aurrera egingo bada hizkuntza politiketan egin beharreko jauziaren berme izango den itun soziopolitiko berriaren edukiak zehaztear daude», aurreratu dute. Irailean aurkeztuko diote prozesu honetatik aterako den dokumentua Batuz Aldatuko sinatzaileen batzarrari. Gogora ekarri dute urrats horrek berebiziko garrantzia izango duela; itunaren lehen aurkezpena egin zenetik gordindu egin dira euskararen normalizazio prozesuaren «agortze zantzuak», eta «oldarraldi judizialak» moteldu eta eragotzi egin ditu, gainera, hainbat aurrerabide. 

Beste «paradigma» bat


Batuz Aldatu ekinbidearen xede nagusia halaxe jasota dago dokumentuan: «Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea». Definitu ere egin dute «erabilera erosoa» hiztunentzat zer den: «Herritarrak ahalegin berezirik egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izango ditu». Gaur gogora ekarri dute hor aurrera egiteko politika berriak behar direla: beste «paradigma» bat. Orain arte «euskaldunen komunitateari eskubide batzuk aitortzea» izan da hizkuntza politiken helburua, eta proposamen berriaren nahia da «euskal gizartea euskalduntzeko norabidean» jartzea politikak.

Oinarrizko bi helburu jarrita dauzkate hori lortzeko bidean, betiere aintzat hartuta egin beharreko urratsen «hurrenkera» ebatzi beharko dela eremu soziolinguistiko bakoitzaren ezaugarrien arabera. Gaur azaldu dutenez, orain egin duten gogoeta prozesu luzearen ondorio izango den dokumentua irailera arte aurkeztuko ez badute ere, «aurrera» dezakete jatorrizko dokumentuaren oinarriak «berretsi» egingo direla udazkenean ere.

Horiek horrela, «ezagutzaren unibertsalizazioa» lortzeko bideek berebiziko garrantzia izango dute dokumentuan. Hori da lehen helburua. Etapaka lortzekoa da, jatorrizko dokumentuaren arabera. Lehen urratsa «ulermena» unibertsalizatzea izango da. Bide horretan, hainbat arlotan eragin beharko da: «Hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean eta hizkuntza transmisioan edo sozializazioan». Euskalduntzea eta alfabetatzea «doan» eskaintzeak berebiziko garrantzia du, adibidez, hor eta eskoletan murgiltze eredua «ikaseredu orokor gisa» ezartzeak ere bai. «Euskara eroso erabiltzeko, beharrezkoa da horretarako eremuak sortzea, garatzea eta lotzea»: hori da bigarren helburua. Eta hori ere jasota egongo da.

Ardatz bi horien inguruan eraikitako hizkuntza politiken gaineko «adostasun soziala» nabarmendu nahi izan du gaur Kontseiluak: «Handia da».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.