Hezkuntza

Batxilergoko ikasleek ere eskola garraioa erabiltzeko baimena eduki ahal izango dute

Ikastetxe publikoetako eskola garraioa arautzeko dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan. Aurrerantzean, eskola garraiorako eskubidea duten ikasleek ez dute zuzenean jantokiko kuota murriztua izango.

Eskola garraioko autobus bat, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 31
12:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Aldaketak daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola garraioan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan onartu berri du Hezkuntza Sailak finantzatutako Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioari buruzko dekretua. Hauxe nobedade nagusia: Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleek ere «behin-behinean» eskola garraioa erabiltzeko baimena eduki ahal izango dute, baldintza batzuk betetzen badituzte.

Dekretuak, orain arte bezala, Haur Hezkuntzako —lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa—, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako ikasleek eskola garraiorako duten eskubide arautzen du. Baina, etapa horietan ez ezik, dekretu berriak eragina izango du Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleengan ere.

Izan ere, ikasle horiek Hezkuntza Sailak antolatutako eskola garraioa «behin-behinean» erabiltzeko baimena izan ahalko dute. Baina zer baldintza bete beharko dituzte horretarako? Hezkuntza Sailak betekizunak zerrendatu ditu: Garraio publiko erregularraren eskaintza «urria» dela eta, etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko joan-etorriak «bereziki zailak» diren lekuetan bizitzea; eskola garraioaren jarraipen batzordeak baimena ematea; eskola garraioaren ibilbidean lekuak libre egotea; ikastetxetik lau kilometrora edo gehiagora bizitzea —bi kilometrora edo gehiagora, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez—; eta ikasturtea amaitzen den urtean 21 urte baino gehiago ez izatea —muga 25 urtera igo dute hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat—.

Halaber, dekretu berriaren arabera, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle horiek eskola garraioa erabiltzeko baimena lortuko ez balute, garraio gastuak konpentsatu ahal izango dituzte Hezkuntza Sailaren banakako diru laguntza deialdiren bidez.

Beste aldaketa bat ere badakar dekretuak. Hain zuzen, erabaki dute jantokiko kuota murriztua izateko eskubidea eta garraiorako eskubidea bereizi egingo dituztela. Alegia, orain arte, eskola garraiorako eskubidea zuen orok jangelan geratzeagatik gutxiago ordaindu behar zuen, baina ez da hala izango aurrerantzean. «Ikasleek araudi bakoitzean ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, batetik, jantokiko kuota murriztua izatekoak, eta, bestetik, eskola garraioa eskuratzekoak», azaldu du Hezkuntza Sailak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.