Etxegaraten 3,5 tonatik gorako ibilgailuei bidesaria kobratzeko azken urratsa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Abenduanonartuta, atzo aurkeztu zuen Batzar Nagusietan egitasmoa Bide Azpiegituretarako diputatu Eneko Goiak. Bidesariak ezartzeko irizpideak zehazterako orduan, egin zitekeen araurik «justuena, gardenena eta egokiena» dela nabarmendu zuen Goiak. «Egin duguna Europako zuzentarauera egokitzea izan da». Legegintzaldia martxoan amaituko da, eta ordurako araua onartua izateko arazorik ez izatea espero du Aldundiak, EAJren, Hamaikabaten eta PSE-EEren babesa baitu. Onartuko balitz, datorren urte hasieran jarriko lukete bidesaria.
Goiak gogorarazi zuen iaz Batzar Nagusietan egindako batzorde txostengileak onartutako txostenaren ondorioak biltzen dituela arauak. Bruselaren zuzentarauak dio Europa Barneko Errepideen Sarean dauden bideetan bidesaria ordaindu behar dutela 3,5 tonatik gorako ibilgailuek. Gipuzkoaren kasuan AP-1a, A-8a, N-1a, A-15a etaN-121a izango lirateke errepide horiek. Aldundiak, hala ere, oraingoz N-1ean baino ez du jarriko bidesaria, Etxegaraten. Egunean 10.000 kamioi igarotzen dira handik, eta Aldundiak ibilgailu horiek AP-1a erabiltzea nahi du: «N-1eko zirkulazio pilaketa murriztea da gure xedea. Hortik aurrerako neurriren bat hartuko balitz, dagokion unean aztertuko da».
Batzar Nagusiek dute horri buruzko azken hitza. Dena den, hainbat adituren arabera, beste errepideetan bidesaria ez ezartzeak aukera emango die erabiltzaileei handik joan eta N-1ean ez ordaintzeko. Horren harira, Goiak aste honetan bertan baieztatu du Beasain eta Durango artean eraikitzen ari diren autobideko Urretxu-Bergara zatiak bidesaria izango duela. Deskargan jarriko lukete, eta ibilgailu guztientzat izango litzateke.
Goiak emandako datuen arabera, Etxegaraten ezarri asmo duten bidesariaren zenbatekoa zehazteko irizpideen artean daude ingurumen kalteak, errepideak duen ibilgailu pilaketa maila, erabileragatik bidean izaten diren kalteak... Ohiko erabiltzaileei gehienez %13ko beherapenak egingo dizkiete tarifetan. «Alor horretan Europako zuzentarauak dioena errespetatuko dugu, eta beherapenak bazterketarik gabe egingo dira».
Aralarreko batzarkide Rebeka Uberaren arabera, egungo bidesari sistema «bidegabea eta baztertzailea» da, eta «zaharkitua» dago. Hala, egoki ikusten dute pisu astuna duten ibilgailuek ekarpena egitea errepideen mantentzean. Baina ez dute babesten araua. «Bertako kamioilariek jada egiten dute ekarpen hori; beraz, uste dugu kontraprestazio bat izan beharko luketela zerga sistemaren bidez. Beste aukera bat izango litzateke beherapena arauak jasotzen duen handiena izatea». Uberak, gainera, tarifak ezartzeko irizpideak salatu zituen: «Aipatu eta jaso arren, ingurumen kalteak eta gisako irizpideak bigarren mailan geratzen dira».
Ezker Batuko Mikel Izagirrek salatu zuen batzorde txostengilearen hainbat ondorio ez direla arauan jasotzen. «Adibidez, aipatu zuten bidesarietatik jasotako diruaren zati bat garraio publikoa sustatzeko izan beharko litzatekeela. Baina arauan ez da aipatzen. Gure ustez, bidesarietako dirua ezin da soilik errepideak mantentzeko erabili. Horrek ez du balio ditugun pilaketa arazoak konpontzeko».
Gipuzkoako Foru Aldundiakbidesarien gaia lantzeko izan duen modua ez du egoki ikusten PPko Iñigo Manriquek: «Beti aipatu izan dute zergen sistemaren bidez ordainak emateko aukera, baina sekula ez da egiten».
Kritikei erantzunez, Goiak adierazi zuen aldundiak ere egoki ikusten duela bertako enpresa eta garraiolariek ordain bat jasotzea. «Baina hori jasotzea ez dagokio arau honi. Arau honetan kopuruak finkatzeko irizpideak zehazten dira. Ordainena Ogasun Departamentuarekin landu beharreko gaia da. Horrek ere egingo du bere bidea, maiz eztabaidatu baitugu gai horri buruz». Gainera, garbi du ezarriko den beherapen sistema «berritzailea eta legezkoa» dela. «Bazterketarik ez egitea beti izan da gure lehentasuna. Nahiz eta aipatu bezala ondo ikusten dugu bertakoek ordain bat izatea».
Gainera, nabarmendu zuen egungo bidesarien foru arauak jasotzen duela ibilgailu arinei bidesaria kobratzeko aukera. Bidesarien diruaren zati bat garraio publikoa sustatzeko izateko aukeraren karietara, «zuhurtzia» eskatu zuen Goiak. «Europako zuzentarauean ez da aukera hori jasotzen, eta tentuz ibili behar dugu. Zuzentarauanaukera hori ezarriko balitz, guk ere ezarriko genuke, ados baikaude».
Aldeko iritziak
EAJk, Hamaikabatek eta PSE-EEk egoki ikusten dute arau proposamena. Hamaikabateko Luis Mari Ormaetxearen irudiko, arauak ondo jasotzen ditu batzorde txostengileak atera zituen ondorioak. «Lurralde oreka bat lortzen da, eta xedea garraioaren antolaketa eta erregulazioa izanda, aproposa iruditzen zaigu».
N-1ean egun dagoen zirkulazio «pilaketa» amaitzeko ezinbesteko tresna da araua, EAJko Aintzane Oiarbideren esanetan. «Ezker Batuari gogorarazi nahiko nioke, gainera, guk proposatu genuela bidesarien diruaren zati bat garraio publikoa sustatzeko izatea. Horrek argi erakusten du gure borondatea».
PSE-EEko Jose Morcillok berretsi zuen eurek ere ez dutela arazorik jarriko bidesariak ezartzeko. «Europako zuzentaraua betetzen den bitartean, gu ados gaude neurriarekin».
Errepideak. Gipuzkoako bidesarien foru araua
Batzar Nagusiak, Etxegarateko bidesariaren alde
EAJk, PSE-EEk eta Hamaikabatek egoki ikusten dute bidesariei buruzko Gipuzkoako foru arau berriaAraua onartzen bada, Etxegarateko bidesaria datorren urte hasieran jarriko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu