Nafarroa Bai koalizioan segitu edo ez, horixe erabakiko dute ostiralean eta larunbatean Batzarreko militanteek. 510 lagun daude deituta bozketarako, eta alderdiak haientzat mahaiak egokituko ditu Iruñeko, Tuterako, Lizarrako, Berriozarko, Barañaingo, Irunberriko eta Antsoaingo egoitzetan. Ostiralean 16:00-21:00 artean eman izango dute botoa, larunbatean 09:00-13:00 artean; postaz ere bozkatu ahal izango da.
Militanteek Batzarrek NaBain ez duela segitu behar erabakitzen badute, alderdia legealdi hau bukatu arte koalizioko kide izango da eta, aldi berean, 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan nola aurkeztu aztertzen segituko du.
Aldiz, militanteek Batzarrek NaBain jarraitu behar duela erabakiz gero, zuzendaritzak Aralar, EA eta EAJrekin hitz egiten jarraituko du, negoziazioez baikor ez den arren.
Azkeneko hilabeteetan Nafarroako Ezker Batuarekin hizketan jardun du zuzendaritzak. Izan ere, honen ustez, 2011ko hauteskundeetan Batzarre "koaliziotik baztertzea" bilatzen du Aralarrek EArekin eta EAJrekin hitzartu dituen akordioekin. Hitzarmen horiek NaBairen erabakiguneetatik at hartu izana kritikatzeaz gain, edukiak "onartezinak" direla deritzo Batzarrek. Honek uste du Aralarrek, EAk eta EAJk "programa komunetik haragoko ekimenak inposatu" egin ditzaketela. "Gure ikuspuntua askatasunez defenditzeari eta gure autonomiari uko egingo genioke".
Asteburuko bozketarako bermeen batzordea eratu du Batzarrek. Tere Gonzalez, Idoia Merino, Iulen Mendiguren, Mariano Gracia eta Iñigo Rudik osatuko dute.
nafarroa