Vatikanoa. Benedikto XVI.aren dimisoa

Batzuek urrun, besteek gertu

Euskal Herriko gotzainek eskertu egin dute Benedikto XVI.aren lana, eta esan dute ziur daudela hurrengoa ere «ona» izango delaGizartetik urrundu izana leporatu diote kritikoek, eta teologiari gehiegi lotzea

Eliza demokratikoago bat eskatzeko protesta, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Ainara Arratibel Gascon, Nora Arbelbide, Aitor Renteria
2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Batzuek urrun sentitu dute, besteek gertu. Denak harritu ditu Benedikto XVI.ak aita santu kargua uzteko hartu duen erabakiak.

MARC AILLET Baionako apezpikua

«Argitasuna eta apaltasuna erakutsi ditu aita sainduak»

Benededikto XVI.aren erabakiak «inarrosi» duela erran du Baionako apezpikuak. Bere idazkariarengandik ukan zuen berria, atzo eguerdian. «Karguari uko eginez, argitasuna eta apaltasuna erakutsi ditu aita sainduak». Haren eskutik hartu zuen kargua Ailletek, eta «umezurtz» sentitu dela dio.

MIGUEL ASURMENDI Gasteizko gotzaina

«Urte hauetan egin duen lana eskertzea besterik ez dugu»

Ohar bidez eman du Benedikto XVI. aita santuak karguari uko izanari buruzko bere iritzia Miguel Asurmendik, Gasteizko gotzainak. Asurmendik gogorarazi du adinean aurrera doala Benedikto XVI.a. «Berriro ere ardura eta sentiberatasun handiz jokatu du erabakia hartzeko garaian. Urte hauetan ikaragarri baliotsuak izan dira haren ekarpenak, eta bat egiten dugu harekin Elizaren aldeko otoitzean».

FRANCISCO PEREZ Iruñeko artzapezpikua

«Duela bi aste ikusi nuen, eta ahulago sumatu nuen»

Iruñeko artzapezpiku Francisco Perez duela bi aste izan zen Vatikanoan, katekesi batzuetan parte hartzen. Benedikto XVI.enarekin egoteko aukera izan zuen. «Aurrekoetan baino nekatuago eta ahulago ikusi nuen».

Haren jardunaz galdetuta, oso pertsona «jakintsu eta argia» dela nabarmendu du. «Oso ondo jakin du kontenplatzen zuena guztioi helarazten. Hurrengoa ere halakoa izango da. Nik fede osoa dut espiritu santuarengan, eta hark aukeraketa ona egingo du».

MARIO IZETA Bilboko gotzaina

«Sufrimendu askoko urteak izan dira, baina ondo jakin du arazoak kudeatzen»

«Penatuta». Halaxe agertu da Bilboko gotzain Mario Izetak Benedikto XVI.a aita santuaren erabakia: «Azken batean, hark hautatu ninduen». Zazpi urtez izan da Eliza katolikoaren buru Benedikto XVI.a. «Sufrimendu askoko urteak», Izetaren arabera. «Pederastia kasuak, Vatikanoaren paper sekretuen filtrazioa... Baina ondo jakin du arazoak bideratzen».

MIXEL ORONOS Idazle apeza, Eliza erakundetik urrundua

«Beharko da elkarrekiko kudeantza berri bat pentsatu»

Enfin Don Aillet vint (Azkenean Don Aillet iritsi zen, Zortziko) liburua argitaratu berria du, Baionako Aillet apezpikuaren eginkizunak eta, horren bidez, Eliza erakundearen eginmoldeak zehaztu eta salatzeko. Nahiz eta kritiko izan aita santuari begira, horrelako keinu batek handitzen duela deritzo. Bere botere garaiko eginkizun «ederrena» dela. Baina gaurko mendean horrelakoak «ez dira gehiago posible», Oronozen iritziz. «Beharko da elgarrekilako kudeantza berri bat pentsatu».

IÑAKI BERISTAIN Frantziskotarra

«Ez da gizartearen arazoetara askorik gerturatu»

Zapore «gazi-gozoa» utzi dio Benedikto XVI.a aita santuaren agintaldiak Iñaki Beristain frantziskotarrari. Baina oro har kritiko da. «Ez da asko gerturatu herritarren, gizartearen arazoetara». Hala, hausnarketa egin du: «Vatikanoko bigarren kontzilioan zabaldu ziren bideetako batzuk ez dakit ez ote dituen itxi. Atzera egin da hainbat alorretan».

BORJA AGIRRE Frantziskotarra

«Kristauok izan beharko dugu Eliza aldatuko dugunak»

Aita santuaren erabakitik harago, kristau komunitatearen jarduna aldarrikatu du Borja Agirrek, Eliza Gara taldeko kideak: «Kristauok izan behar dugu Eliza aldatuko dugunak, hierarkiaren aldetik ez baitago horretarako ahaleginik». Aita santu berriari erronkak ez zaizkiola faltako nabarmendu du: «Emakumearen egitekoa Elizan, homosexualei emandako tratua... Horren guztiaren inguruan hausnarketa bat egin beharko luke».

JOXE ARREGI Frantziskotar oiha

«Elizaren disidentzia kritikoa baztertu egin du»

Kuriarekin tira-bira dezente izan ditu Benedikto XVI.ak, Joxe Arregi frantziskotar ohiaren ustez: «Batzuen aldetik ez zegoen ondo ikusita». Bi arrazoi eman ditu horretarako: Elizako kideen pederastia kasuen aurka egin duelako, eta Eliza barruko diru kontuak garbitzen saiatu delako.

Dena den, itzalak ere ikusi dizkio Benedikto XVI.aren agintaldiari. «Handiak, gainera. Hanka sartze asko egin ditu. Ikuspegi teologiko kontserbadoreenei eutsi die. Gainera, Elizaren disidentzia kritikoa baztertu du».

Arregi kritiko azaldu da, halaber, musulmanekiko eta juduekiko izan duen tratuarekin. «Hori guztia aldatu beharko luke ondorengo aita santuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.