Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Lapurdiko ikasleei baxoa azterketa euskaraz egiteko eskubidea ukatzen dietela salatu dute Baionan Baxoa Euskaraz eta Euskal Herrian Euskaraz taldeek. "Historia eta, berriki onartu diguten bezala, matematikako ikasgaietan ez bada, gainerako ikasgai guztiak frantsesez egin behar ditugu", azaldu dute. Baxoa frantsesez egin beharrak ikas materialetan "berebiziko eragina" duela nabarmendu dute, era berean: "Eskola liburu guztiak frantsesez ditugu. Horrenbestez, programa frantses ofizialari jarraiki, lizeoan egiten ditugun azterketa anitz frantsesez egin behar izaten ditugu".
Baxoa euskaraz egin ez izateak eragiten duen "kaltea eta nahasmena alimalekoak" direla salatu dute. "Guk euskaraz ikasi nahi dugu, euskara hutsez, alemaniarrek, frantziarrek, frantsesek, bulgariarrek eta norvegiarrek egiten duten bezala, normaltasun osoz". Parisen eta Madrilen diseinaturiko legeria "menperatzaileei" aurre egiteko bidean urratsak ematerik badela nabarmendu dute bi taldeek. Kontseiluaren 'Ikasle euskaldun eleanitzak sortzeko proposamena' aipatu dute adibide gisa. "Bada garaia erabaki ausartak hartzeko, legeria zahar eta ustelak gainditzeko, inposaketa kudeatzen jarraitu ala geure bidea egin erabakitzeko".