Emakume Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak egin zituzte, Bilbon,Durangon (Bizkaia), Donostian, Errenterian (Gipuzkoa), Antsoainen, Elizondon (Nafarroa) eta Gasteizen. Topaketak etxetik jarraitzeko aukera ere egon da, eta ia 600 emakume bildu ziren guztira.
Donostian egin dute mahai inguru nagusian, Lurralde askean bizitza askeak leloarekin, harreman kolonialei hausnartzen aritu dira Iratxe Retolaza , Pastora Filigrana, Ana Murcia eta Amaia Zufia, eta Udane Migeltorenak gidatu zuen saioa. Feminismoaz aritu dira, baina baita, euskalgintzaz, antiarrazakeriaz eta klase borrokaz ere. Orain arte egindakoa mahai gainean jarri, eta etorkizuneko erronkak zehaztu dituzte.
Retolaza iraganera begira jarriz hasi da, genero ikuspegitik abertzaletasunaren genealogia aztertuz, XIX. mendearen hasieratik. Emakume Abertzaleen Batzan jarri du begirada. Retolazak nabarmendu duenez, amatasunari egin zion hark gorazarre hiru norabidetan. Esaterako, testuinguru hartan, arrazaren iraupena emakumeen ardura zen, eta «arraza garbiaren» biziraupenerako diskurtso batzuk sortu zituzten. «Ikuspegi ideologista eta arrazista hori gaindituta dago, arrazaren bueltan sortzen den abertzaletasunik modu esplizituan ez dago, baina iruditzen zait, halere, ikuspegiaren oihartzun batzuk baditugula kasu batzuetan, ez diskurtso egituratuetan, baina bai mundu sinbolikoaren eremu batzuetan», ohartarazi du.
Aliantzen beharra
Aliantzak eta sareak iruteko beharra azpimarratu dute hizlariek. «Mundu guztiaren lan indarrak eta bizitzak ez du berdin balio», adierazi du Filigranak. Azaldu duenez, emakume izateak merkatu egiten du biziaren prezioa, arrazalizatua den gorputz bat izateak lan indarra merkatzen duen bezala. Zehazki, herri ijitoak jasaten duen eta jasan izan duen jazarpenaz aritu da Filigrana. Ohartarazi du ezin dela alderatu herri ijitoaren «zati handi batek» bizi duen bazterketa eta prekarietatea Euskal Herrian bizi denarekin, baina «etsai komuna» zein den identifikatu du: estatu espainiarra. «Munstroaren gorputza berdina da, eta horrek gutxienez elkarrizketa komun bat edukiarazi behar digu».
Murciak ere emakume arrazializatuekin aliantzak egiteko beharra azpimarratu du, baita haien artean sareak jostekoa ere: «Niretzat lorpen handia da espazio batean proiektu komunitario oso interesgarri bat egotea, eta bertan beltzak, indigenak, mestizoak eta emakume arabiarrak egotea».
Euskarari buruz ere aritu dira hizlariak. Murciak, esaterako, alor horretan emakume migratuekin egiteko dagoen lana azaleratu du. Zufiak, nabarmendu du feminismoaren lan lerroetako bat dela euskararena, euskara «erdigunean» jartzea, baina badagoela zeregina: «Euskara erdigunean jartzeko, akordio berritu bat indartu behar genuke feminismotik ere. Askotan, kostatu zaigu gure kideei ulertaraztea euskara ere badela munstro kolonial kapitalista horren aurrean, erresistentzia praktika bat».
Zufiak azpimarratu du helburua argia dela: «Euskal Herrian sustraitutako mugimendu feminista, antiarrazista eta euskaldun bat artikulatzea; mugimendu askotarikoa, deszentralizatutakoa izango dena; adostasunetatik, baina desadostasunetatik ere eraikitzen dakiena; eta gauza batzuetan batasuna, intzidentzia eta mintzakidetza lortuko duena». Haren irudiko, bazterretik zentroa interpelatzen ari dira, euskaldunak, gazteak, pentsiodunak eta migratuak, baina ez dute hainbeste zehazten zentro horretan nor geratzen ari den, eta nork hartuko duen horren ardura. «Askotan, askapen prozesuak ulertzen ditugu menderakuntzetatik askatzeko prozesu gisa, baina ez hainbeste boterearen galera bat eskatzen digun prozesu gisa». Zufiak, berriz, borrokak ez mailakatzearen alde egin du: «Gaur irudikatu moduan, euskalgintza, antiarrazakeria, klase borroka eta feminismoa batera doaz».