UDAKO SERIEA. OLDARRALDI ERREAKZIONARIOA (III): Gutxiengoak

Bazterrekoei entzun, erasoei erantzun

Gizartearen ertzetakoek hartzen dute kolpe gehien krisi egoeretan: iaz LGTBI kolektiboaren kontrako eraso andana izan zen, eta aurten arrazakeria da nagusi kaleetan. Halakoei aurre egiteko, bazterrei entzun behar zaiela diote talde antirrazistek.

Hernaniko eraso arrazistak salatzeko egindako elkarretaratzea. HITZA
Hernaniko eraso arrazistak salatzeko egindako elkarretaratzea. HITZA
Isabel Jaurena.
Gasteiz
2025eko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

LGTBI kolektiboko kideen kontrako eraso zuzenak eta pintaketak, mezu matxistak, arrazistak eta transfoboak zabaltzen dituzten irakasleak, mobilizazio antifaxisten kriminalizazioa eta eraso arrazistak egiteko talde antolatuak. Oldarraldi erreakzionarioaren hamaika adibide daude Euskal Herrian, baita halakoei arbuioa erakusteko ekintzak ere. Eragile anitzen ustez, ez da fenomeno berria; urte luzez itzalean egon diren diskurtsoei legitimitatea ematen ari zaien seinalea bertzerik ez da: eskuin, ezker. 

Iazko udan, erraterako, LGTBI kolektiboaren kontrako eraso andana egon zen: Errezilen (Gipuzkoa), bikotekide diren bi gizonezkori etxeko txirrina jo zieten herriko nerabe batzuek, atea behartu, eta leihora harriak bota; «espainol zikinak» eta «marikoiak» oihukatu zieten, gaztelaniaz; Arizkun Rock jaialdian (Arizkun, Nafarroa) eta Atharratzeko Prefosta elkartean (Zuberoa), pintaketa LGTBIfoboak egin zituzten; Baigorrin (Nafarroa Beherea) egiten den Nafarroaren Egunean, LGTBI bandera erraldoi bat jarri zuten, eta norbaitek erditik urratu zuen.

(ID_17538591690305) Bandera urratuta
LGTBI bandera urratu zuten iaz Baigorrin, Nafarroaren Egunean. BASAIZEA

Kurtsoan zehar, berriz, hezkuntzan gorabeherak izan dira Hegoaldean: irail hondarrean, EHUko irakasle batek sare sozialetan zabaldutako mezu «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» salatzeko protesta egin zuten Zuzenbide Fakultatean; protesten ondorioz, irakaslea kanporatzea erabaki zuen unibertsitateak. Otsailean, berriz, ikasleek salatu zuten Farmazia Fakultateko irakasle batek «mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak» zabaldu zituela sare sozialetan.

Ipar Euskal Herrian, berriz, mugimendu feministaren kontrako zenbait eraso egon dira. Martxoaren 10ean, erraterako, Ihurtzuri talde feministak salatu zuen margoketa faxistak agertu zirela kartel feministen gainean Maulen (Zuberoa). Apirilean, Miarritzen (Lapurdi) egindako elkarretaratze antifaxista batean jasandako errepresioa salatu zuen talde horrek berak: Bruno Retailleau Frantziako Barne ministroa Lapurdiko herrira joan zen, eta hainbat herritar, kolektibo eta sindikatuk elkarretaratzea egin zuten, Retailleauren «jarrera xenofobo, sexista eta autoritario etengabeak» salatzeko. Kontrakotasun ahots horiek isilarazten saiatu zirela salatu zuen Ihurtzurik: kontrol andana, intimidazioa eta banderolekin ibiltzeko debekua jasan behar izan zituztela. Hain zuzen, taldeko militante bat bandera antifaxista bat biltzera behartu zuen Poliziak lehenbiziko, eta bandera hori kendu zioten gero, atxilotzeko mehatxua egiteaz batera.

Aurtengo udan, berriz, eraso arrazistak izan dira nagusi: Hernanin (Gipuzkoa), adibidez, San Joan bestetan magrebtarren kontrako zortzi eraso gertatu ziren gutxienez. Gainera, Irunen (Gipuzkoa), Donostian eta Martzillan (Nafarroa) sare sozialetan sortutako taldeak ezagun bihurtu dira migratzaileen kontra zabaltzen dituzten gorroto mezuengatik.

Horrelakoak ikusirik aliantzak ezinbertzekoak direla adierazi du mugimendu feministak, eta bazterretan dauden ahotsak erdigunera eraman behar direla. 

 

Alina Andre Altenkirch, Gasteizko Tinkuy kolektibo antirrazista eta feministako kidea

«Bazterretan gaudenon aniztasuna erresistentzia mota bat da»

(ID_14997207) (/@FOKU) 2025-05-24, Donostia. Gorputzen burujabetzen III
Alina Andre Altenkirch Tinkuy kolektiboko kidea, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU

Askotarikoa bai, harrera herria ere bai, baina baita arrazista ere. Horrela deskribatu du Euskal Herria Alina Andre Altenkirch Gasteizko Tinkuy kolektibo antirrazista eta feministako kideak. Haren irudiko, Euskal Herrian dagoen aniztasuna ez da erakutsi nahi, eta, ondorioz, ez da horri aurre egiteko inolako mekanismorik martxan jartzen. «Gizon zuri zisheteroaren irudia egon da sistemaren erdigunean urte luzez. Feminismoa gizonaren figura hori hortik kentzeko borrokatu da, eta lortu du. Baina, orokorrean, antirrazismoaren faktorea ez da askorik landu, eta horri aurre egin behar diogu orain».

Zehaztu du talde hasiberria dela beraiena, baina dagoeneko hurbilpena nabaritu dutela Gasteizko Mugimendu Feministaren aldetik, eta elkarrekin lan egiteko prest daudela. «Falta da asmatzea harreman horiek nola egin, bi aldeen arteko zubiak nola eraiki: orain arte funtzionatu duen bidetik atera behar dugu», erran du. Izan ere, Euskal Herriko feminismoa kalean «indartsu» dago, haren irudiko, eta horrek mesede egiten die bazterretan dauden horien diskurtsoak kontuan hartzeko orduan. Baina «talka kultural handiak» daude oraindik: «Adibidez, kosta egiten da ulertzea senegaldar batek edo magrebtar batek queer teoria ez duela bizi hemen ulertzen den bezala, edo musulmanak LGTBI kolektiboko kideak izaten ahal direla. Oso zaila izaten da jende zuriarentzat aniztasun hori ulertzea».

Hortaz, espazio ez-mistoen beharra aldarrikatu du, migratzaileek ere elkar babestu eta zaintzeko gunean behar dituztela nabarmenduta. Are, uste du feminismoari esker gizarteak ulertu duela gune feminista batzuek ez dutela mistoak izan behar, baina oraindik ez dagoela barneratuta talde antirrazistek ere gauza bera behar dutela. «Harrigarria badirudi ere, oso ohikoa da talde antirrazista batean gehienak edo denak zuriak izatea. Noski, ni ez nago zuri bat talde antirrazistetan egotearen kontra, baina zuriak ezin dira talde horien bozeramaile edo irudi protagonista izan; ezin dute gure izenean hitz egin». 

Nabarmendu du, baina, kapitalismoa krisian dagoela eta horrek kontrol soziala areagotzen duela. Testuinguru horretan «mehatxu» bihurtzen da arautik ateratzen den oro, eta, beraz, desagerrarazi behar da, Altenkirchek erran duenez. Hortaz, gune ez-mistoak beharrezkoak diren arren, krisi horri aurre egiteko aliantzak behar dira, ertzetan dauden horiek batzeko: «Bazterretan gaudenon aniztasuna erresistentzia mota bat da».

 

Prostituta eta Putak Borrokan taldeak Hego Euskal Herrian dituen kolaboratzaileetako bat

«Giza salerosketaren biktimak instrumentalizatu egiten dituzte prostituzioaren kontra egiteko»

Sexu langile bat, artxiboko irudi batean. JEFFREY ARGUEDAS / EFE
Prostituta bat, artxiboko irudi batean. JEFFREY ARGUEDAS / EFE

«Sexu langileoi entzun diezagutela nahi dugu: uler dezatela martxan jarri nahi dituzten araudiek klandestinitatera eramango gaituztela». Putak Borrokan taldeak Hego Euskal Herrian dituen kolaboratzaileetako baten eta prostituzioan diharduen emazteki baten hitzak dira horiek —ez du izenik eman nahi izan—. Esplikatu du ultraeskuinak elikatutako krisi egoeran ohikoak direla prostituta migratzaile edo transen kontrako erasoak, eta ultraeskuineko diskurtsoek emakume migratzaileekin duten jarrera bestelakoa dela, emakume zuriekin duten jarreraren aldean. «Arrazakeria handia dago sexu langile migratzaileekin; gizartearentzat arrisku bat balira bezala tratatzen dituzte askotan. Ordea, bertako emakume zuriak prostituziotik babestu beharko balira bezala tratatzen dituzte», azaldu du.

Haren irudiko, «deus gutxi» aldatuko da «atzerritarrak erregularizatu ezean, edo, bestela, prostituzioa utzi nahi dutenendako lan alternatiba errealistak jarri ezean». Izan ere, migratzaile anitzendako pobreziatik ateratzeko bide bat izaten da prostituzioa. Ordea, zehaztu du alternatibako neurri horiek ezin dutela gainerakoen kontrako zigorrik ekarri: «Badirudi gaizki ikusia dagoela prostituzioaz hitz egitea eta bertatik atera nahi ez duzula esatea, baina neronek eta beste askok sexu lanean aritzea erabaki dugu».

Halaber, salatu du diskurtso feminista abolizionistek «nahasi» egiten dituztela prostituzioa eta giza salerosketa, propio: «Giza salerosketaren biktimak instrumentalizatu egiten dituzte prostituzioaren kontra egiteko». Uste du talde horiek ez dutela azaltzen Atzerritarren Legeak nola baldintzatzen dituen migrazio prozesuak: «Arau horren ondorioz, anitzek giza salerosketako sareetan amaitzen dute Europara iristeko, eta, ondorioz, esplotazioa edo bestelako indarkeriak jasan behar dituzte. Gainera, askotan, lege horrek berak behartu egiten ditu emakume horiek esplotatzaileak salatzera, baldin eta hemen gelditu nahi badute. Zein da arazoa? Horrek arriskuan jartzen dituela edo bestela, diru sarrerarik gabe gelditzen direla eta berriz ere prostituziora bueltatzen dira».

Gobernuz kanpoko erakunde batzuek diru anitz jasotzen dute prostituten «erreskaterako», erran duenez. «Ordea, baliabideak ez dituzte emaztekiak laguntzeko erabiltzen, publizitate kanpaina erraldoietarako baizik». Eta prostituziotik atera nahi duten emakumeak laguntzarik gabe gelditzen dira: «Ez dutelako hortik ateratzeko beste biderik: ikasketarik gabe daude, seme-alabak edo gurasoak mantentzeko dirua behar dute…». Hortaz, «errotiko» aldaketa bat behar dutela uste du: «Bazterretan daudenei entzun behar zaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.