Atxiloketak

Bederatzi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Euskal Herrian eta Espainian, Ekinen zuzendaritzako kide izatea leporatuta

Araban Egoitz Garmendia atzeman dute, Bizkaian Erika Bilbao eta Sandra Barrenetxea, Gipuzkoan Ugaitz Elizaran eta Urko Aierbe Sarasola, Nafarroan Rosa Iriarte eta Joxe Aldasoro, Kantabrian Aniaitz Ariznabarreta eta Aragoin Eneko Compains. Horiez gain, Etxarri-Aranazko miaketetan Juan Kruz Aldasoro atxilo eraman dute. 28 miaketa egin dituzte. Fernando Grande Marlaska epaileak zuzendu du operazioa.

2010eko irailaren 14a
22:02
Entzun
Guardia Zibilak bederatzi lagun atxilotu ditu gaur goizaldean, Ekinen zuzendaritzako kide izatea leporatuta, berri agentzien arabera. Atxiloketak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, Nojan (Kantabria, Espainia) eta Cariñenan (Aragoi, Espainia) egin dituzte. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak agindu eta zuzendu du operazioa, eta "ETAren komisario politiko" izatea egotzi die atxilotuei, berri agentziek zabaldu dutenez.

Iturri berberek jakinarazi dutenez, operazioa zabalik dago, eta goiz osoan 28 miaketa egin dituzte guardia zibilek. Etxebizitzak, lokalak, bi herriko taberna eta gaztetxe bat miatu dituzte.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak erran du atxiloketa horiekin "ETAk gizarte mobilizaziorako duen gaitasuna murriztu" dutela. "'Ezker abertzalea' deitutakoa zuzentzea eta erabiltzea" zen bederatzi atxilotuen ardura, Rubalcabaren arabera. Espainiako Gobernuaren azken urteotako "politika antiterrorista" ez dela "izpirik ere" aldatuko zehaztu du.

Atxilotuak

Atxiloketak 4:00 inguruan hasi dituzte.

Araba: Egoitz Garmendia Gasteizen.

Bizkaia: Erika Bilbao Erandion eta Sandra Barrenetxea Bilbon.

Gipuzkoa: Ugaitz Elizaran eta Urko Aierbe Sarasola Donostian.

Nafarroa: Rosa Iriarte Iruñean eta Joxe Aldasoro Etxarri-Aranatzen. Azken horren anaia Juan Kruz ere atxilo eraman dute etxeko miaketetan, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eguerdian jakinarazi duenez; "tentsio uneak" bizi izan dira, eta AAMk dio Joxe Aldasororen beste anaia bati aurpegira gasa bota diotela poliziek. Rubalcabak erran du "desordena publikoengatik" atxilotu dutela Juan Kruz Aldasoro.

Nojan Aniaitz Ariznabarreta atxilotu dute, oporretan zela. AAMk dio haren mutil-laguna jo egin duela Guardia Zibilak. "Gainera, bere autoko bi gurpil zulatuak aurkitu ditu eta azkenean lagun bat joan da bere bila". Eneko Compains Cariñenan atxilotu dute, autobusean oporretatik bueltan Valentziatik (Herrialde Katalanak) Euskal Herrira zetorrela.

Miaketak

Berri agentzien arabera, Leioako herriko taberna, Bilboko Juan de Garai kaleko bi etxebizitza eta Otxandioko egoitza bat miatu ditu Guardia Zibilak. Gasteizen bi etxe eta Judimendiko auzo elkartea eta euskaltegia ere bai.

Eibarren hiru etxebizitza miatu dituzte, eta Donostian Intxaurrondo auzoko Zulo Zahar elkartean sartu direla jakinarazi du AAMk, eta Antigua auzoan ere egin dute miaketa bat, baita Egia auzoko Gaztelekuan ere. Elgoibarren kale bat itxita izan du Guardia Zibilak.

Iruñean Iriarteren etxea miatu dute, AAMren arabera. Compains ere Nafarroako hiriburura eraman dute -bertakoa da-, eta bere etxea miatu dute. Etxarri-Aranatz "guardia zibilez josia" dela azaldu du AAMk eta, besteak beste, Derry taberna miatu dute.

Ekinen aurkako prozesua

2007ko abenduan, 18/98 prozesuaren baitan Espainiako Auzitegi Nazionalak 11 lagun zigortu zituen Ekineko kide izatea egotzita, eta bertze lau errugabetu egin zituen. Orotara, 52 lagun epaitu zituen 18/98 prozesuan, eta horietatik 47ri 2 eta 24 urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkien. "ETAren zati" izatea leporatu zien epaitegiak.

Berri agentzien arabera, Grande Marlaskak orduan Ekineko kide zirelakoan zigortutakoen ondorengo izatea leporatu die gaur atxilotutakoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.