Begi bat artaldeari eta beste bat otsoari

Araban zaintza artzainen figura sortu dute artaldeak egunaren zati handienean norbaiten begiradapean egon daitezen. Otsoak uxatzen ditu zaintza artzainen presentziak, eta artzain titularrei arnasa ematen die.

Maribel Alaba, txakur batzuen laguntzarekin, artaldea gidatzen. Zaintza artzain baten laguntza ere badauka, otsoaren erasoetatik babeste proiektu pilotu bati esker. RAUL BOGAJO / FOKU
Maribel Alaba, txakur batzuen laguntzarekin, artaldea gidatzen. Zaintza artzain baten laguntza ere badauka, otsoaren erasoetatik babeste proiektu pilotu bati esker. RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda Zubimendi.
Etxaguen
2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Eguna argitzerako igotzen da Maribel Alaba Gorbeia Txiki edo Oketa mendira. Bazka garaian han larratzen dute bere ardiek. 400 buruko artaldea du, latx arrazakoa. Denek berdinak dirudite, eta beste edonor galdu egingo litzateke horrenbeste artileren artean, baina Alabak guztiak ezagutzen ditu. «Artzainaren eta ardien artean harreman estua sortzen da: egunero gaude elkarrekin, eta, erditze garaia iristen denean, etengabe, pentsa zenbat ordu diren», kontatu du. Iluntzean itzultzen da etxera, Etxaguenera (Araba), baina artaldea ez du burutik kentzen. «Ardiak monitorizatuta ditugu, eta sakelako telefonoarekin begiratzen dut ea non dauden. Noizbait, laino itxia dagoen gauetan, igo izan nahiz ea ongi dauden ikustera». Otsoaren beldur da, normalean, gauez eta ikusmena txikia denean egiten baitu eraso.

Sasoi honetan hobeto egin du lo. Arabako Foru Aldundiak Tragsatec etxearekin diseinatutako proiektu pilotu batean parte hartzen ari da, eta zaintza artzainen bidez otsoen erasoei aurre egiteko prebentzio neurriak probatzen ari dira. Labur esanda, administrazioak lankide bat jarri dio Alabari jardunaldi osoan artaldea zaindu eta gidatu dezan. «Otsoak badaki norbait dagoela, eta saihestu egiten du», azaldu du Enrique Arberas biologoak. Proiektuaren jarraipena egiten ari da, eta artzainen eta administrazioaren arteko zubi lanak egiten ditu. «Hemen, mendian, pertsona bat egoteak kezka asko kentzen dizkit, eta beste zerbaiti eman ahal dizkiodan zortzi ordu dira. Zortzi, edo gehiago. Gauean mastin txakurrek artaldea maneia dezaketen leku egoki batean gordetzeak lasaitasuna ematen dit», gaineratu du Alabak.

Maribel Alaba
Maribel Alaba, Oketa mendiaren magalean, asteartean. Azken egunak dituzte garaieran, elurrak hasi baino lehen herrigunera jaitsiko direlako. RAUL BOGAJO / FOKU

Artaldea lasai ari da bazkatzen. Zigoitiko (Araba) Etxaguen herri batzarretik gora abiatzen den belardi batean daude, 800 metrotik apur bat gorago. Harizti eder bat atzean utzita, larre zabal batera heltzen da, ikuseremu handia duena: maldan behera, urrutira, Urrunagako urtegia ikusten da eta, atzerago, Legutio (Araba); begirada gora bideratuta, iparreko haizeak bultzatutako lainoak zerua ia artalderaino jaitsi du. Halere, toki egokia da larratzeko, eremu irekia izanik otsoaren etorrera lehenago atzeman daitekeelako. «Argi esan behar da: nahiz eta zaintza artzainak egon, posible da otsoak artaldeei erasotzea», ohartarazi du Arberasek. «Behe lainoa dagoen egunetan, ardiren bat atzeratuta gelditu denean, sasiak altu dauden eremu batean… txakurrak konturatu ere egin gabe egin dezakete eraso», nabarmendu du. Ez dago sasi askorik belardi honetan, ihartzen hasitako garo batzuk besterik ez.

«Baliteke ez ikustea, ezta sentitzea ere, oso azkarra delako, baina otsoa gure artean dago»

MARIBEL ALABAArtzaina

Iparreko haizea fin dabil, eta fresko egiten du, 10 bat gradu. Orain ateri dagoen arren, euria egin du egun osoan; laster, elur moduan botako du, eta ordurako gordean egoteko, datozen egunetan egingo dute denek beherako bidea. Bitartean, artaldeak mendian igaroko ditu gauak. Bakarrik, soilik mastinen konpainiarekin, inguruan babesteko txabolarik ez dagoelako. Horregatik, egunak ilundu baino lehen, artaldea «ustez» otsoa agertuko ez den leku batera bideratzen dute. Goizean ardiak askatu dituen artzainari erreleboa ematen dio besteak, eta horren ardura da «leku ireki batean, txakurrek otsoak azkar ikusiko dituzten leku batean» jasotzea.

Erraz gidatzen dute artaldea, ia Alaba adinakoa den makila fin eta luze batekin eta txakurren laguntzarekin. Zakurrei jakin-mina piztu zaie bi ezezagun argazki kamera eta grabagailua hartuta han ikustean, eta hurbildu egin dira, jarrera lasaiarekin; azkar galdu dute interesa, eta batzuk elkarren artean jolasean hasi dira eta beste batzuk etzan egin dira. «Txakurren jarrerak gaua nolakoa izan den pistak ematen dizkizu. Nekatuta baldin badaude, mugitua izan den seinale», dio Alabak.

«Frogatuta gelditu da estentsioko artzaintza bateragarria dela otsoaren presentziarekin»

ENRIQUE ARBERASBiologoa

Biharamunean zer topatuko duten ez jakiteak artzainei «ezinegona eta estresa» sortzen dietela aitortu du Alabak. Aurten ez du erasorik pairatu, eta hartutako neurriengatik izan dela dio. «Denok ez esateagatik, gehienok izan dugu gorabeheraren bat otsoarekin». Alabaren artaldeari duela urte batzuk egin zioten eraso, kontatu duenez. Horrenbesterako al den galdetu dio kazetariak, eta berak, baietz. «Baliteke ez ikustea, ezta sentitzea ere, oso azkarra delako, baina otsoa gure artean dago». Iazko larraldean jarri zuten martxan zaintza artzainen proiektua, bi artalderekin, eta bi eraso izan ziren: lehendabizikoan, ardi bat zauritu zen, eta bigarrengoan, ardi bat hil, bi zauritu, eta beste bat desagertu egin zen.

Artzainak otsoak berari kosk egingo balio bezala sentitzen ditu erasoak. «Sekulako pena sentitzen dugu. Mina, amorrua…», dio Alabak. «Jendeak esaten du, 'eraso egin dieten ardi bakoitzagatik dirua jasotzen dute eta'. Tira, zuk ere autoari asegurua egiten diozu, ezta? Baina ez duzu ezer gertatzerik nahi», osatu du Arberasek. Are, artzainak kontatu du erasoak artalde osoari eragiten diola, «traumatizatu» egiten dituelako: beldurra sartzen zaie, eta artaldea gidatzeko «zailagoa» dela deskribatu du. Esnea ere gutxiago eta kalitate txarragokoa ematen dute, eta negozioa gaztagintzan dago; kalitatezko esnea lortzeko, generik onenak dituzten ardiak propio gurutzatzen dituzte, baina eraso baten ondoren ekoizpena jaits ez dadin kanpoko ardiak erosi behar baldin badira, genetika ere aldatu egin daiteke. «Zenbat eta gutxiago erosi, hobe», esan du. Beste artalderen batetik iritsitako ardiek gaixotasunak ere sar ditzakete. Eta kalteak ugaritu egiten dira ardia haurdun baldin badago edo gaztea baldin bada.

«Positiboa, zentzu guztietan»

Alabarekin batera, aurten beste hiru artzain dabiltza proiektuan. Lau artalde denera, beraz: bi Gibijo mendilerroan, bat Gorbeian eta beste bat Salbadan. Proiektu «interesgarria» deritzolako aurkeztu zuen bere burua. Iaz, lehen urtean, ez zuen egin. Bi artaldek hartu zuten parte 2023an, Gibijokoa bat eta Bajerrokoa bestea. Abuztuan ekin zioten proiektuari eta aurtengo otsailean aurkeztu zituzten ondorioak.

Arberasek idatzi zuen txostena, eta bertan jasotako balorazioa «positiboa» da, «zentzu guztietan»: «Zalantzarik gabe, hildako ardiak izateko aukerak drastikoki murriztu dira». Gainera, haren iritziz, «frogatuta gelditu da artzaintza estentsiboa bateragarria dela otsoaren presentziarekin». Zaintza artzainekin lan egindako epean, gutxienez, bi otsoren presentzia egiaztatu da. Alabari gustatu ez arren, Arberasentzat ona da hori: «Otsoa harrapakaria da, eta biodibertsitatearentzat garrantzitsua da otsoa egotea. Gainera, egun, gizarte moderno batean, ezin dugu espezie baten desagertzea bultzatu. Baina nola lortu oreka? Abeltzainek ez dute sekula otsoa maiteko. Abeltzaintza eta otsoa aldi berean izateko lan egin behar dugu, ezta elkarbizitzarako ere».

Maribel Alaba
Alabaren artaldea; 400 ardi latxek osatzen dute. RAUL BOGAJO / FOKU

Artzainak ere galtzeko arriskuan daudela aipatu dute biek. Zabaleran lan egiten duten artzainak, Gorbeia inguruan, lau dira. «Hau bukatu egingo da. Orain arteko bilakaerarekin, azkar gainera. Erakargarri egin behar dugu edo ez du askorik iraungo», ohartarazi du Alabak. «Bat nator. Artzainen lana erraztu egin behar dugu», gehitu du Arberasek. Alde horretatik, zaintza artzainak goraipatu dituzte. «Toki guztietan entzuten dut lanordu gutxiago sartu behar direla, kontziliazioa… Eta guk ez dugu inolako erraztasunik. Orain, behintzat, lan zama arinagoa dut: ez daukat egunean bi aldiz etorri beharrik, gazta egiteko denbora gehiago dut, bezeroak artatu ditzaket… denbora gehiago dut».

«[Hedapeneko artzaintza] bukatu egingo da. Orain arteko bilakaerarekin, azkar gainera. Erakargarri egin behar dugu, edo ez du askorik iraungo»

MARIBEL ALABAArtzaina

«Ordu asko eta onurak txikiak», salatu du. Etxetik datorkio Alabari artzaintzarako bokazioa, gurasoak ere hala zirelako. Ahizpa bat ere artzaina du, eta 15 eta 19 urteko bi iloba ere hasi dira sektorean muturra sartzen. Dena den, zalantza egiten du euren etorkizunerako onena ote den. «Marjinak asko txikitu dira: gasolina, pentsuak, argindarra… dena garestitu da, eta larri gabiltza. Ez da segurua irabazirik izango denik».

«Nola lortu oreka? Abeltzainek ez dute sekula otsoa maiteko. Abeltzaintza eta otsoa aldi berean izateko lan egin behar dugu, ezta elkarbizitzarako ere»

ENRIQUE ARBERASBiologoa

Arberasek erantzun du zaintza artzainak errentagarritasuna handitzea dakarrela: lanak bi lagunen artean banatuta, mendian gora eta behera bidaia gutxiago egin behar dira, eta gasolina eta mantentze kostuak txikiagoak dira. Artaldea 800 eta 1.000 metroren atean ibiltzen da, eta hara iristeko mendi bideak irregularrak eta lokaztiak dira. Gainera, ardiak denbora gehiagoz egon daitezke mendian. Izan ere, otsoaren beldur, mendiko egonaldiak zortzi edo bederatzi hilabetetatik hirura murriztuta dituzte azken aldian. Zenbat eta denbora gehiago egon larreetan, pentsu gutxiago eta belar gehiago jaten dute, merkeagoa dela eta onuragarriagoa. Azkenik, mendian bazkatuta, larreak «garbi» mantentzen direla azpimarratu dute, sasien hedapenik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.