Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena: Oiartzualdea

Begirada baten atzetik

Maiatzeko udal bozek aniztasun handia ekarri dute Pasaiako portuaren bueltako hiru herrietako alkatetzetara, kolore desberdineko eragileak baitaude agintean. Antzeko arazoak dituzte.

Izaskun Gomez Pasaiako alkatea (PSE-EE), Julen Mendoza Errenteriakoa (EH Bildu) eta Kepa Garbizu Lezokoa (EAJ), duela bi aste, Lezon, atzean Pasaiako portua eta badia dituztela. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Lezo
2015eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Pasaiako (Gipuzkoa) badiako portuaren bueltan dira Errenteriako, Pasaiako eta Lezoko udalerriak, eta hirurak ere portuko jarduerak baldintzatu ditu azken hamarkadetan. 61.000 lagun pasa bizi dira han —Errenterian, 39.200; Pasaian, 15.900; Lezon, 6.000—, eta, ekonomiaren gainbeheraren ondorioz, sufritzen ari dira. Oiartzualdean —Oiartzun da beste udalerria— zer eredu berriri heldu aztertu beharra ikusten dute hiru alkateek. Plan bateratu bat nahi dute. Aniztasuna aintzat hartuz landu beharko dute, indar politiko desberdineko ordezkariak baitaude alkatetzetan: Errenterian, Julen Mendoza EH Bilduko kidea; Pasaian, Izaskun Gomez PSE-EEkoa; Lezon, Kepa Garbizu EAJkoa. 2011-2015ean, eskualdeko lau alkateak Bildukoak ziren.

«Gu, behintzat, ustekabean iritsi gara alkatetzara», dio Garbizuk (1950, Lezo). EAJko kidea 1979tik da hautetsia, eta 2003-2007an ere izan zen alkate, ezker abertzalearen legez kanporatze garaian. Haren alderdiak 1.186 boto jaso zituen maiatzeko udal bozetan; duela lau urte, 478. EH Bilduk, 1.141 orain; aurrekoetan, Bilduk, 1.443. «Atez ateko sistemaren aurka Lezon izandako mugimenduak eragin egin du emaitzetan, nik uste». Garbizuk azaldu du urtea bukatzerako galdeketa bat antolatuko duela udalak. «Atez atekoa kendu eta bosgarren edukiontziaren alde gaude gu, baina emaitza errespetatuko dugu».

Gomezek (1965, Pasaia) ere aitortu du nolabaiteko ezustea izan dela PSE alkatetzara heltzea, «hemen ezker abertzaleak indar handia baitu betidanik». PSEk 2.146 boto jaso zituen —mila boto eta bi hautetsi irabazi zituen—; eta EH Bilduk, 1.834 —800 boto eta hautetsi kopuru erdia galdu zituen—. «Herritarrek zigortu egin dituzte», dio egungo alkateak, «Bildu legealdi osoan inposaketan oinarritu baita, baina ez atez atekoan bakarrik. Harritzekoa izan da ezker abertzaleak izandako jarrera hori, kaleko termometroa hartu eta estrategiak garatzen onak baitira. Baina ez dute asmatu 2011ko emaitzak kudeatzen». Gomezek berretsi du hondakinak gaika jasotzeko atez ateko sistema kendu egingo duela. «Kanpainan iragarri nuen hori. Gero, bozak irabazi egin genituen, eta hauteskundeak baino galdeketa hoberik ez dago», dio 2003-2007an ere Pasaiako alkate izan zen PSEko kideak—1999tik da herriko hautetsi—.

Mendoza (1978, Errenteria) ez dago Gomezen ikuspuntu horrekin ados. «Herritar batek ez dio babesten duen alderdiaren programa osoari balekoa ematen. Oso tresna garrantzitsuak dira hauteskundeak, baina adostasun sozialak ere hainbateko garrantzia du, eta legealdiko lau urteetan horren bila joan behar da. Nire ustez, beraz, udal bozak ez dira arlo bati buruzko plebiszitarioak». Gainera, EH Bilduko kidearen arabera, birziklatze tasa da hondakinen arloan «garrantzitsuena». «Nola lor dezakegu Europak 2016rako ezarritako %60ko tasa? Horren bila jo behar da. Udalerri batzuetan, bosgarren edukiontzia emaitza onak ematen ari da, baina ez da askotan gertatu hori. Geuk, Errenterian, bosgarren edukiontzia dugu, eta oraindik ez gaude %60an. Atez atekoarekin, emaitza onak lortzen dira, %60ko tasa hori aise gaindituta». Lezoko Zero Zaborrek dio han birziklatze tasa %85ekoa dela atez atekoarekin.

Mendozak bigarren legealdia du hautetsi gisa, eta hasieratik da alkate. PSEren 28 urteko alkatetzaren aroa eten egin zuten 2011n. «Irun, Eibar eta beste batzuekin batera, sozialisten feudotzat hartzen zen Errenteria ordura arte. 2011n irabazi egin genion PSEri; orain, berriro, baina horrek ez du esan nahi Errenteriako errealitate soziologikoa asko aldatu denik. Pentsa, 2008an, Espainiako hauteskundeetan, PSEk ia 9.500 boto lortu zituen. Orain, 5.276 jaso ditu; guk, 5.938. Badago alde bat, baina oso jakitun gara zein herritan bizi garen». Lezoko eta Pasaiako EH Bilduren aldean —hiru eta lau zinegotzi galdu dituzte, hurrenez hurren—, Errenteriakoak ondo eutsi dio bozetan, hautetsi bakarra egin duelako behera. «Aurreko legealdian, ez zen arazo handirik izan gure herrian. Oso garrantzitsua da herritarrekin egotea eta auzoetara joatea —bi batzar txanda egin ditugu—. Entzun egin diegu, eta konpontzen saiatu gara. Eta kasu batzuetan gustuko irtenbideak ez eman arren, sikiera erantzun egin diegu bizilagunei».

EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzek udal eta aldundietan akordioak egiteko ituna egin badute ere, Lezon eta Pasaian bi alderdiek ez dute oraindik hitzarmenik egin. Lezon, EAJk hamahiru zinegotzietatik sei ditu, eta PSEk, bat. Pasaian, hamazazpitik bost dauzka PSEk, eta EAJk, beste bost. «Gobernu indartsua eta egonkorra behar du Pasaiak, eta hori PSE-EAJ itun batekin baino ez da lortuko», iritzi dio Gomezek. «Baina EH Bildurekin eta Pasaiak Ahal Du taldearekin ere akordioak lortzen saiatuko gara. PSEk eta ezker abertzaleak Pasaian akordio garrantzitsuak lortu izan dituzte, baita garai latzenetan ere».

Errenteriako EH Bilduk, berriz, «akordio estrategiko bat» erdietsi du Irabaziz koalizioarekin—Ahal Dugu-ko zenbait kidek eta IU-Ezker Anitzak eta Equok osatzen dute koalizioa— , Mendoza alkateak nabarmendu duenez. Gehiengo osoa daukate bien artean: 21 hautetsietatik zazpi ditu EH Bilduk eta lau Irabaziz-ek. «Espainiako Estatuan 1978an ezarri zen sistemak eskubide batzuk ukatu egiten ditu. Aldaketa nahi duen masa kritiko bat sortzen ari da, eta masa horri eskaintza bat egin behar zaio, guk uste. Hori dela-eta egin dugu Irabaziz-ekin ituna. Batzen gaituena ez da arlo identitarioa, baizik eta eskubide ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalen defentsa. Udal gobernu akordio bat da, baina haratago doa lankidetza hau; estrategikoa da, errealitate soziologikoa aldatuz joateko».

'Manchester txikirik' ez

1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetan, jende asko etorri zen Espainia aldetik Oiartzualdera lan egitera;batez ere, Errenteriara eta Pasaiara. Esate baterako, Errenteriak, 1950ean, 15.000 biztanlezituen, eta 1975ean, 46.000. «Izugarrizko biztanleria hazkundea gertatu zen; batik bat, portuaren jarduerak eraginda», esan du gaurko alkateak. Manchester txikia deitzen zioten lehen: fabrikak herrian bertan zeuden, eta haien bueltan egin zituzten etxeak. Mendozaren esanetan, «Errenteriak, garai batean, lana gehiago zeukan langileak baino. Orain, fabrika haiek ez daude, eta jaitsi egin da lana». Oarsoaldea Garatzen-ek emandako datuen arabera, %15,2ko langabezia dago han; Pasaian, %16,3koa da; eta Lezon, %12koa. Oiartzunen, berriz, %9,8koa. Hego Euskal Herrian, %14,8koa da lanik gabeko lagunen tasa; Gipuzkoan, %13koa.

Mendoza, Gomez eta Garbizualkateentzat kezkagarriagoa da bertako ekonomiaren jardueraren etorkizuna. «Ez dago portuaren biziberritze planik», dioEH Bildukoak. Informazio zehatzik ere ez ei dute, hark dioenez: «Zenbat lanpostu sortzen ditu portuak? Non? Nola? Galdera horiei ere erantzun bat eman behar zaie. Guk askotan galdetu diogu Portu Agintaritzari, eta ez dugu erantzun garbirik jasotzen. Esaten dute 2.500 lagunek egiten dutela lan portuan. Puztutako datua da. Agian, portuak ez du horrenbesteko espaziorik izan behar, eta haren jarduera motaz ere hitz egin behar da, nolako portua eta zertarako behar dugun jakiteko».

Baina ez dute diagnostiko bat egina. Sarri aipatzen du hori Errenteriako agintariak. «Oiartzunek industria jarduera handia dauka, baina beste hiru udalerriok portuaren eta beste enpresa batzuen menpe gaude asko. Zer sektore hartu nahi ditugu oinarri? Azterketa bat egiten badugu, eta ideiak eta proiektuak baditugu, errazagoa izango dugu beste erakundeek egitasmoak babestea. Baina ez gaude egoera horretan; gogoeta egin beharra dago, zer norabide hartu nahi dugun jakiteko. Hemen ez dago duela 30 urteko jarduerarik».

Horrez gain, Lezoko alkateak dio egunero «pairatzen» dituztela portuak eragindako trafiko, zarata eta ingurumen arazoak, eta esan du horri ere aterabidea ematen hasteko garaia dela. Beste erakunde publikoen aitorpena eskatu du Gomezek. «Pasaiako portua iturri ona da Gipuzkoako ekonomiarentzat, baina, hemen, etengabe ditugu kamioien joan-etorriak, deskargak eta lanak. Horren truke zer jasotzen dugu? Ezer ez. Gainera, udalek diru asko jarri behar izan dute zerbitzu batzuk mantentze aldera». Pasaiako alkateak dio badiako portuak sortzen duen aberastasuna Gipuzkoako Ogasunera doala, eta, hortaz, hark hartu behar duela portuak eragiten duenaren ardura, ez Errenteriak, Pasaiak eta Lezok. Irtenbideak ere eskatu ditu. «Portua biziberritu beharra dago. Horrek biziberritze ekonomikoa eta soziala ere ekarriko ditu, eta hirigintzakoa ere bai. Guk ez dugu diru laguntzetatik bizi nahi; irauteko gaitasuna eta baliabideak behar ditugu. Gaurko egiturazko arazoekin, ezin dugu aurrera egin, Pasaiak ez du sekulako altxatuko bururik horrela». Gogoetan bat datoz beste bi herrietako alkateak. «Eta Portu Agintaritzak berak ere onartu behar du sozialki kalte bat eragiten duela hemen», dio Mendozak.

Gainera, uste dute beste bi faktore badirela eskualde «degradatu» hark aurrerapausoak eman ahal izateko. Batetik, iritzi diote Pasaiako kanpo kaiaren egitasmoa bazterrean geratu izanak badia biziberritzeko aukerak handitu ditzakeela, baliabideak horretara bideratuko direlakoan orain.

Giro sozial hobea

Bizikidetza da aipatzen duten beste gaia. Udalerri haietan ere handia izan da euskal gatazkaren eragina, eta, Garbizuk dioen bezala, «ETAren 2011ko erabakiagatik, giro soziala hobetu egin da. Faktore positiboa da aurrera egiteko». Gomezen arabera, «historia ez da ahaztu behar, baina ez da jarrera mendekatzaile bat behar». Mendozak uste du «iragana ondo itxi» behar dela aurrerantzean urrats sendoagoak egiteko: «Presoen, jazarpenen eta bestelakoen auziak bukatu egin behar dira. Adibidez, oraindik Errenteriako hamabost preso daude. Batetik, beraz, konponbide bat behar da. Iraganaren kontua dago, bestetik. Urteetan sufrimendu handiaeragin da, eta, oinarri sendoak ez baditugu adosten, aro hori ez dugu betiko itxiko belaunaldi berriei begira. Espainiako trantsizioko akats bera egiteko arriskua dugu; beste era batera bada ere, oraindik bi Espainiarekin segitzen dute. Politikoki guk ezin dugu akats bera egin gure iraganarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.