Hendaian (Lapurdi) elkarrekin bizi ziren etxean hiru egunez bahituta eduki zuen X.P.A.E. donostiarrak Begoña Bohoyo bikotekidea. Denbora epe horretan, hainbatetan jipoitu zuen, eta azkenean heriotza eragin dioten zauriak egin zizkion.
Nolanahi ere, abenduaren 30ean etxetik ihes egitea lortu zuen Bohoyok, eta bizilagun batek Irungo (Gipuzkoa) Ertzainetxera eraman zuen. Bikotekideak bahituta eduki zuela eta hainbatetan jo zuela salatu zuen Bohoyok. Ertzainek, emakumearen zauriak ikusita anbulantzia eskatu zuten, eta Bidasoako Eskualde Erietxera eraman zuten. Han, zaurien larritasunaz ohartu zirenean, Donostiako Ospitalera bidali zuten. Han hil zen atzo.
Bohoyoren zauriak larriak izan arren eta hark bikotekidearen aurka egindako salaketa argia, Ertzaintzak ez zuen gizonezkoa berehala atxilotzeko agindurik eman. Hurrengo egunera arte itxaron zuten, erasotzailearekin harremanetan jarri, eta zuzenean atxilotu ordez, "bere borondatez polizia etxera joan zedin konbentzitu zuten" Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak berak agertu duenez. Ertzainetxera joan zenean atxilotu egin zuten.
X.P.A.E. urtarrilaren 2 arte eduki zuten atxilotuta, epailearen aurretik pasa zen arte. Izan ere, epaileak aske uzteko agindua eman zuen. Hilaren 3an, ordea, Bohoyoren osasunak txarrera egin zuen, eta, orduan, eman zuten atxilotzeko agindu judiziala. Ertzaintzak berriro ere hurrengo egunera arte, atzo arte, itxaron zuen "erasotzailearekin harremanetan" jarrieta Ertzainetxera joateko agintzeko. Bere kabuz joan eta gero atxilotu zuten atzo.
Ahizpak lehenago jarri zuen salaketa
Gainera, bizilagunak Begoña Bohoyo Irungo Ertzainetxera eraman aurretik Polizia horrek bazuen erasoaren berri. Izan ere, arteanbikotekideak etxean bahituta zuela amari telefonoz deitzeko aukera izan zuen Bohoyok abenduaren 30ean, eta gertatzen ari zitzaionaren berri eman zion. Irungo Ertzainetxera joan zen, orduan, biktimaren ahizpa bat, eta X.P.A.E.ren aurkako salaketa jarri zuen genero indarkeria eta bahiketagatik.
Emakumeen kontrako indarkeria
Begoña Bohoyo larri egon arren, lehen unean Ertzaintzak ez zuen erasotzailea atxilotu eta epaileak aske utzi zuen
Bikotekideak emandako tratu txarren ondorioz hil zen atzo Donostiako Ospitalean Begoña Bohoyo pasaitarra (Gipuzkoa). Gaur jakin denez, bizilagun baten laguntzaz abenduaren 30ean lortu zuen Bohoyok Irungo ertzainetxera iristea: bikotekideak hiru egunez bahitua izan eta jipoi handiak eman zizkiola salatu zuen, eta ertzainek eurek anbulantzia bat eskatu zuten emakumearen kolpe eta zauriak ikusita. Baina, hala ere, ez zuten erasotzailea berehala atxilotu, baizik "bere borondatez agertzeko konbentzitu" zuten. Urtarrilaren 2an epaile batek aske utzi zuen, eta atzo atxilotu zuten berriro, andrearen osasunak txarrera egin eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu