Begoña Bohoyo 40 urterekin hil zen, Donostiako ospitalean, bikotekideak hiru egunez etxean jipoitu eta gero. Patxi Xabier Aranbururi, bikotekideari, hemeretzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Ikusi gehiago
2005eko abenduaren 28tik 30era itxita eduki zuen gizonak, biena zen etxean, Hendaian (Lapurdi). Gizonak andrea kolpatu zuen, modu basatian. 30ean etxetik ihes egitea lortu zuen Bohoyok. Auzo bati laguntza eskatu zion, eta Irungo (Gipuzkoa) ertzain etxera eraman zuen.
Ertzainek Bidasoko ospitalera bidali zuten, baina zauriak oso larriak zirela ikusita, berehala mugitu zuten Donostiako ospitalera, zaintza intentsiboetara. Han hil zen, bost egun geroago, 2006ko urtarrilaren 4an.
Emakumea zein egoeratan zegoen ikusi arren, ertzainek ez zuten berehala atxilotu Aranburu. Deitu egin zioten, komisariara aurkez zedila eskatuz. Abenduaren 31n atxilotu zuten. Baina epailearen aurrean deklaratu zuenean, urtarrilaren 2an, aske utzi zuten. Hurrengo egunean eman zuten Aranburu atxilotzeko agindu judiziala, Bohoyoren osasunak okerrera egin zuenean.
Gizonak ukatu egin zituen akusazio guztiak. Emakumeak motoan istripu bat eduki zuela eta eskaileretan behera erori zela esan zuen. Forentseek gezurtatu zuten. Bohoyori gorputz guztian kolpeak, ukabilkadak eta ostikadak eman zizkiotela azaldu zuten.
Ez zen emakumeak tratu txarrak jasan zituen lehen aldia. 2005eko apirilean, salaketa bat ere jarri zuen andreak, Aranburuk ostiko batzuk eman zizkiolako. Lasarte-Oriako harrera etxe batean egon zen emakumea bizpahiru hilabetez, eta gizonari urruntze agindu bat ere jarri zioten. Baina ekainean, andreak erretiratu egin zuen salaketa, eta biak elkarrekin bizitzen jarri ziren.
Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu zuen kasua, gizona donostiarra eta emakumea pasaitarra izan arren, eta emakumea Donostiako ospitalean hil zen arren, heriotza eragin zuen erasoa Hendaian gertatu zelako. Apirileko erasoarengatik, zazpi hilabeteko zigorra jarri zioten gizonari; eta hilketagatik, hemeretzi urte eta erdikoa.