Bizkaiera dute eskolako hizkuntza Bilboko Begoñazpi ikastola erlijiosoan. «Bizkaiera da guk erabiltzen dugun euskalkia: 2 urteko gelatik hasita Batxilergora arte», azaldu du ikastetxeko zuzendariak, Merkat Bernaolak. «Gero, curriculumari eutsita, aditz konparatua lantzen da, eta batua ere ikasi behar da hor. Ez noa esaten bizkaiera eta batua pareko menperatu behar dutenik, baina batuan ere trebatu egin behar dira».
Eskolako azterketak bizkaieraz egiten dituzte. Selektibitatea ere bai, eta ikasleak EGA titulua ateratzera joaten direnean ere bizkaieraz egiten dute, Bernaolak azaldu duenez. Ikasleen artean denetik dute: «Familien aldetik denetik dago: euskaldun zaharrak, euskaldun berriak edo euskaraz ez dakitenak. Ume askok, etxean euskaraz egiten badute, batuan egiten dute, aitak edo amak batuan dakielako. Guk lortzen duguna da bizkaieraren ikastea bermatzea. Gero bakoitzak errealitate sozial diferentea du, eta askok batura jotzen dute». Ikasmaterialak eskolan bertan prestatzen dituzte gehienak, bizkaieraz. «Zuzentzaileen eskutik pasatzen dira, bizkaiera alfabetatu zuzenean daudela bermatzeko».
Eta irakasleak? «Guretzat ideala izango zen denek bizkaieraz jakitea, baina hori ez da existitzen». Bizkaieraz jakitea «konpetentzia askoren artean» bat dela dio. Ez dakitenei ikastaroak ematen dizkiete. «Bi-hiru-lau urtetan bizkaierara jotzen dute».
Begoñazpi ikastola: bizkaiera ardatz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu