Ekonomia

Behargin bat hil da Zornotzan, erregai lurrundua arnastuta

Azken hiru egunetan istripuz hiltzen den laugarren langilea da. Beste langile bat toxikatu egin da.

2008ko uztailaren 16a
19:08
Entzun
Osalango iturriek ezagutarazi dutenez, 51 urteko langile errumaniar bat hil da gaur 12:40ean, Zornotzako (Bizkaia) Boroa auzoan dagoen Bilbu Ceramicas enpresan. Gasolindegi bat dago aldamenean, eta Telefonicako kableak aldatzen ari zirela putzu bateko kutxatik aireratuko erregai lurrundua arnasteak eragin dio heriotza. Beste langile bat toxikatu egin da, arrazoi beragatik. Euskal Herrian azken hiru egunetan hiltzen den laugarren behargina da.

Ezbeharra jazo den unean Telefonicak azpikontratatutako YVBB enpresako -Madrilen du egoitza- hiru langile kableak erretiratzekotan ziren. Lehenik oxigeno neurketa egin dute, eta ez dutela ezer arrarorik sumatu azaldu du Osalanek.

Jarraian bi behargin zuloan sartu dira, hodi baten barnean zeuden kableak ateratzeko. Hain justu, hodiko zigilua kentzean atera dira erregai lurrunak -ez dago argi gasolina edo gasoila izan den-, eta N.H.P.-k konortea galdu egin du. Berarekin zegoena gora igotzeko gai izan da, hirugarren langilearen laguntzaz.

Suhiltzaileek putzuan geratutako behargina erreskatatu dutenerako hura hilda zegoen. Beste behargina Galdakaoko (Bizkaia) ospitalera eraman dute. Mediku iturrien ahotan, ez dago larri.

Osalango teknikariak Zornotzara gerturatu, eta Bilbu enpresak erregai biltegirik ez duela ikusi dute. Haatik, ondoan, Repsolen gasolindegian aurkitu dituzte biltegiak. Ezbeharra izandako putzutia "gasolina edo gasoil usainaz betea" zegoela adierazi dute teknikariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.