Gobernu kontseiluak atzo atera zituen aurrera mozketak. Aurrekoetan baino hiru kontseilari gutxiago ziren bileran, PSNkoak falta eta. Izatez, mozketa planak eragin zuen gobernu krisia: sozialistei ez zien ezer jakinarazi Barcinak, Roberto Jimenez presidenteorde ohiak salatu zuenez; mehatxu egin zuen gobernua hausteko, baina atzera egin zuen. Barcinak egin zuen urratsa: Jimenez egotzi zuen; «desleial» aritzea leporatu zion, gobernuaren egoera ekonomiko txarraz hizketan hastegatik.
Barcinak berak aitortu du hori, txarra dela egoera, nahiz ez duen zenbakirik jarri. «Ezin dugu jasotzen dugun baino gehiago gastatu», ohartarazi du. Hortaz, litekeena da mozketa gehiago egitea. Defizit muga betetzea eta zorpetzea gutxitzea, bi helburu horiek lortu ditu Barcinak, kosta ahala kosta. «Zenbat eta diru gehiago eskatu, interes handiagoa pagatu beharko baitugu eta diru gutxiago izango baitugu politikarako».
Murrizketa gehiagoren mehatxupean, beraz, 132 milioi gutxiago gastatzeko neurriak jarriko ditu berehala indarrean Iruñeko gobernuan. Barcina: «Guztian, toki guztietan daude mozketak». Oinarrizko zerbitzuetan eragina izango dute ezinbestean, nahiz eta gobernuak esan osasunean eta hezkuntzan ez dutela eragingo.
Gastu publikoa
Langileak eta NUP begitanAlor publikoko gastua gutxitzea izango da murrizketa planaren zutabe nagusia: 62 milioi aurreztu nahi ditu Iruñeko gobernuak sektore publikoaren bizkar. Administrazioaren gastua %12 gutxituko dute, eta gobernuaren bidez finantzatutako erakundeena, %18. Gobernuaren gastu batzuk gutxituko dituzte —bidaiak, publizitatea, antolaketa...—, baina guraizeak benetan beste bi lekutan sartuko ditu Barcinak: beharginpublikoen artean eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ordezkapenetan izango da aldaketa handiena. Gaixoaldietan, eszedentzietan eta erretiroetan ordezkorik ez hartzea izango da irizpide nagusia. Hamar langiletik bakarra ordezkatuko dute aurrerantzean. Lanpostu berririk ez da sortuko, gainera: lan eskaintzarik ez dute egingo Nafarroan.
Horrek zuzeneko eragina du ospitaleetan eta ikastetxeetan. Osasunean eta hezkuntzan mozketarik ez dutela egin nabarmendu zuen atzo Barcinak, baina ordezkoak ez hartzeak eta lan eskaintzarik ez egiteak eragina izango du alor horietan ere. Kontuan izatekoa da lehen ere era horretako neurriak hartzen hasita daudela: erietxeetan eta eskoletan ordezkoak falta dituztela salatu dute azken hilabeteetan; ikastetxeetara, adibidez, hamabost egun baino gehiagoko gaixoaldietarako soilik bidaltzen dute ordezko bat.
Lanpostuetan eragina izango du ordezkorik ez hartzeak. Langile publiko gutxiago egongo dira Nafarroan bestela ere uztailetik aurrera: ordezko gutxiago egongo dira, eta lanaldia luzatu diete beharginei: 35 ordu ez, 37,5 egingo dituzte astean. Neurri horiekin bi mila langile publiko kaleratuko dituztela salatu dute sindikatuek.
NUP da beste kaltetu handia. Hitzartu baino%5 diru gutxiago jasoko du ohiko gastuetarako; ia hiru milioi euro gutxiago. Unibertsitate publikoari diru asko eman zale ez zen lehen ere UPN, eta azken urteetan etengabe ari da mozketak egin eta egin. Iaz ere jasan zuen era horretako murrizketa bat azken orduan: 60 milioi hitzeman zizkioten, eta, azkenean, lau milioi euro gutxiago jaso zituen.
Urte baterako baino gehiagorako hitzarmenik ez du unibertsitateak gobernuarekin, eta horrek ezegonkortasuna ematen dio, gobernuak nahieran aldatzen diolako aurrekontua. 2008an, 67 milioiko ekarpena adostu zuten, eta gobernuak 63 jarri zituen; 2009an, 56 adostu, eta 54 eman. Unibertsitateak eskatutakoa baino kopuru nabarmen eskasagoa da adostutakoa ere, eta horiek are gehiago murrizteak arazoak ekarriko dituela ohartarazia du Julio Lafuente errektoreak. Iaz, adibidez, aurreko urteetan soberan utzitako erreserbak erabili behar izan zituzten eguneroko gastuetarako. Kontuan izatekoa da Bolognako prozesura egokitzen ari dela NUP urteotan, eta bikoiztasunak izango dituela urte batzuetan, titulazio zaharretan ari diren ikasleak eta berrietakoak baitaude batera.
Sozietate publikoetan, Nafarroako Parlamentuan eta Nafarroako Kontseiluan ere izango dira murrizketak ohiko gastuetarako. Handiena sozietateei ezarri die Barcinak: aurrekontuaren laurden bat kendu egingo diete haiei.
Inbertsioak
Mozketak, AHTan izan ezikGobernuak bere kabuz egiten dituen inbertsioetan eta elkarteen bidez egiten dituenetan ere handia da mozketa: gobernuaren inbertsioak laurden bat gutxituko dira, eta enpresenak, bostetik bat. 60 milioi aurreztuko dituzte proiektuak gerarazita. Bada, ordea, salbu geratuko den atal bat: AHT abiadura handiko trenarena. Murrizketarik ez dute egingo obra horietan; osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte babesaren pare jarri du AHTa Barcinak. «Oinarrizkotzat jotzen dugu, eta doikuntza guztietatik babestu nahi dugu». Hori esanda ere, egia da hezkuntzan eta osasunean egin egingo dituztela murrizketak. Hara datua: 132 milioiko mozketa egingo du gobernuak, eta 134 milioi jarriko ditu AHTrako aurten.
Ekonomia suspertze aldera Iruñeko gobernuak abian jarritako plana ere kolokan utziko dute aurrekontuko aldaketek. Hamar milioi euro gutxiago izango ditu planak, iragarritako proiektu batzuk bertan behera utziko baitituzte. Gainerako diruarekin enplegu politika aktiboak sustatuko dituzte. Beste mozketa bat estaltzeko izango da; Espainiako Gobernuarena, hain zuzen ere.