Gaur aurkeztu dute Behe Bidasoako Hitza-ren proiektua, eta abian da, beraz. Bihartik bono kanpaina egingo dute eta 1. zenbakia urtarrilean argitaratu nahi dute. Internet eta papera uztartuko ditu proiektuak, Biriatu, Hendaia (Lapurdi), Hondarribia eta Irungo (Gipuzkoa) euskaldunei herri horietako informazio osatuena emateko helburuarekin sortuko da komunikazio proiektu berria. Irunen egin dute aurkezpena, Zabaltza plazan.
Elkarlanaren ondorio da egitasmoa. Pausu Media Komunikazio Elkartea -Behe Bidasoan Antxeta irratia, www.bidasoamedia.info eta euskarazko beste zenbait komunikazio proiektu sustatuz hainbat lan egin duen elkartea da-, Irun Iruten, Hondarribiko euskalgintza eta Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Bertako Hedabideak izan dira Hitza berria sortzeko ekimenari heldu diotenak.
Internet bidezko egunkaria izango da, batetik. Astean zehar, edizio jarraitua izango du webguneak, albisteekin, argazkiekin eta bideoekin, eta astelehenetik ostiralera PDF formatuan zabalduko da beste edizio bat, webgunean bertan eta posta elektronikoz.
Bestetik, ostiralero 16-24 orrialdeko astekaria plazaratuko du paperean, ohiko egunkari formatuan. Behe Bidasoako Hitza izeneko astekaria izango da, eta harpidedunei banatuko diete.
Komunikabideak
'Behe Bidasoako Hitza', abian
Biriatu, Hendaia (Lapurdi), Hondarribia eta Irungo euskaldunei zuzenduriko proiektua da, eta Internet eta papera uztartuko ditu. Bihartik egingo dute bono kanpaina, eta 1. zenbakia, urtarrilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu