Behin-behinean aske utzi dute emakume bat Bilbon, bikotekidea hiltzen saiatzea egotzi eta gero. Herenegun gauean atxilotu zuten 45 urteko emakumea, eta atzo eraman zuten epailearen aurrera. Bada, Bilboko 4. arloko Instantzia Epaitegiak atzo gauean erabaki zuen hura behin-behinean aske uztea, eta ikerketa argitu artean kautelazko neurriak ezartzea: epaitegira joan beharko du aldian-aldian, eta ezingo da bikotekidearengana hurbildu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, emakumeari leporatzen diote herenegun gauean Bilboko Atxuri auzoko lokal bati su ematea, artean haren bikotekidea barruan zela. Sail horrek jakinarazi duenez, bikotea eztabaidatzen hasi zen iluntzean, eta gizonak bere burua giltzapetu zuen lokalaren barruan. Sutea piztu eta berehala iritsi ziren udaltzaingoa, Ertzaintza, suhiltzaileak eta anbulantzia bat, eta biktima Basurtoko ospitalera eraman zuten. Han dago oraindik, larri.
Emakumeak tratu txarrengatik salatu zuen 48 urteko gizona duela zenbait hilabete. Ertzaintzaren arabera, jasandako lesioen ondorioz, emakumeari arta eman behar izan zioten ospitalean.