Behin-behinean aske utzi dute Pradalesi eraso egin zion gizonezkoa

Barakaldoko epaitegian deklaratu eta gero utzi dute aske, hilabetean behin epaitegira azaltzeko baldintza jarrita.

Pradales, ospitaletik atera berri, atzo. LUIS TEJIDO / EFE
Pradales, ospitaletik atera berri, atzo. LUIS TEJIDO / EFE
2024ko apirilaren 17a
15:25
Entzun

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiari piperbeltz esprai batekin eraso egin zion gizonezkoa aske utzi dute behin-behinean. Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak hartu du erabakia. Jakinarazi dutenez, hilabetean behin joan beharko du epaitegira, baita epaileak hala eskatzen dionetan ere. Bi lesio deliturengatik —Pradalesez gain, beste lagun bat ere zauritu zen— eta hauteskunde legearen 146.1 artikuluan jasotako delitu batengatik hasi ditu epaitegiak haren aurkako eginbideak.

Hauteskunde legearen artikulu horren arabera, sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra edo hamabi eta 24 hilabete arteko isuna ezar dakieke hauteskunde prozesuarekin lotura duten ekitaldietan «hautesleen, hautagaien, ahaldunen, ikuskatzaileen eta notarioen sarrera, irteera edo egonaldia justifikaziorik gabe galarazten edo zailtzen dutenei».

EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek atzo jakinarazi zuenez, jeltzaleek Barakaldon (Bizkaia) zuten mitinetik atera eta ETB2ko debatera bidean zela, 19:30 aldean, gizonezko batek eraso egin zion Pradalesi. Orduan, Gurutzetako ospitalera eraman zuten, eta, tarte batez, kolokan egon zen telebista publikoko eztabaida bera ere. Azkenean, alta jasota, EITBren egoitzarako bidea egin zuen EAJren lehendakarigaiak, eta gainerako hautagaien babesa jaso zuen han. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere babesa agertu dio.

Gizonezkoa atzo bertan atxilotu zuten, erasoaren ondoren, eta poliziek eurek adierazi zuten erasotzaileak ez zuela «motibazio politikorik». Gara eta Deia egunkariek zabaldu dutenez, 49 urte ditu gizonak, eta Bizkaiko Diputazioaren aurrean zaintza partekatuari buruzko auzi bat galdu zuelako kexu zen erasoa egin zuenean, zenbait lekukoren arabera. El Correo egunkariak, berriz, adierazi du genero indarkeriagatik, erasoengatik eta lapurretengatik aurrekariak dituela gizon horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.