Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Pradalesi eraso egin diote mitin baten amaieran

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek esan du EAJko lehendakarigaiari piperbeltz esprai batekin eraso diotela Barakaldoko mitinean parte hartu ondoren.

Imanol Pradales Gurutzetako ospitaletik ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Pradales, Gurutzetako ospitaletik ateratzen. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 16a
20:00
Entzun

Ezustekoa gertatu da EAJk Barakaldon antolatutako hauteskunde ekitaldian. EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar izan da parte hartu duen azkena, eta, hitzaldiaren hasieran iragarri duenez, Imanol Pradales lehendakarigaiari piperbeltz esprai batekin eraso diote aipatutako ekitaldian parte hartu ondoren.

Ohi ez bezala, Pradales izan da Barakaldoko ekitaldiko lehen hizlaria, ETB2ko eztabaida prestatu behar baitzuen. Pradalesen ostean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak parte hartu dute, eta, gero, Ortuzar oholtzara igo denean, esan du «albiste txar bat» eman behar zuela. Orduan adierazi du Pradalesi eraso egin diotela. Esan duenez, hautagai jeltzalea Gurutzetako ospitalera eraman dute, begiak garbitzeko. «Ez larritzeko» aholkatu die bertaratutakoei, eta gertatutakoa gaitzetsi du.

«Ez dakigu zertara datorren hau», esan du Ortuzarrek, «baina honen moduko gertaerek gizarte gisa gogoeta egitera eraman behar gaituzte: tentsioa eragitea, banaketa eta amorrua sorraraztea, bidea ote den gurea bezalako gizarte batentzat. EAJren iritziz, hau ez da bidea; ez da gure bidea».

EAJk jakinarazi du pertsona bat atxilotu dutela erasoaren harira.

Erasoaren berri izan eta berehala iritsi dira gainerako hautagaien erreakzioak sare sozialetan. EH Bilduko Pello Otxandianok «elkartasuna» adierazi dio Pradalesi, eta Sumarreko Alba Garciak esan du demokrazian erasoak ez direla «onargarriak», PSE-EEko Eneko Anduezak adierazi du «edozein indarkeria ekintza gaitzesteak arau» izan beharko lukeela demokrazian, eta Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik erasoa salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.