50.000 euroko bermea ordainduta Arnaldo Otegi aske uztea erabaki zuten, atzo, Herrikoen auzia bere gain duen Auzitegi Nazionaleko zigor arloko bigarren aretoko epaileek. Hala ere, Bateragune auzia dela eta, behin-behineko espetxealdian preso jarraituko du ezker abertzaleko buruzagiak.
Martxoaren 25ean, defentsa abokatuak Otegi aske uzteko eskatu zuen, besteak beste, 2009ko urrian atxilotuz geroztik hamazazpi hilabete preso egin dituela, ihes egiteko arriskurik ez dagoela eta dei judizialei beti erantzun diela argudiatuta. Fiskalak ez du eskaeraren kontra egin. Besteak beste, arrazoitzen du epaiketa ez dela berehalakoan egingo eta ezin dela denbora gehiagoz behin-behineko espetxealdia luzatu. Bateragune auziagatik ere Otegi aske uzteko eskatuko du defentsak; kasu horretan ere fiskal berak darama auzia.
Fernando Garciak, Angel Luis Hurtadok eta Julio de Diegok osatutako epaimahaiak aintzat hartu du eskaera. Epaileek diote ez zaiela oharkabean pasa 2002an hasitako auzia dela eta tramitazioan nabarmen luzatu dela. Oraindik orain kontu «konplexu bezain garrantzitsuak» erabakitzeko daudenez, oraindik epaiketarako data jartzeko dago. Autoan gaineratu dute egungo egoeran ihes egiteko arriskua «oso diferentea» dela 2009. urtean atxilotu zuteneko egoerarekin alderatuta. «Ez dago zalantzarik atxilotu baino lehen eta inputatu zutenetik prozesatuak beti bete dituela inposatutako deialdiak».
Otegiri, auzi horretan, erakunde terroristako kide izatea leporatzen zaio, eta kaleratuz gero, delitu hori berriro betetzeko aukeraren inguruan, epaileek diote hori ebaztea zaila dela: «Dena den, kasu honetan badirudi arrisku hori leundu egin dela, eta arriskuak bere horretan jarraitzen badu ere ez du behin-behineko espetxealdian jarraitzeko adinako indarrik».
Ildo beretik, epaileek gaineratu dute uneotan auzi horretan Otegi dela preso dagoen auzipetu bakarra, eta, «berdintasun konstituzionalaren zein prozedimendu bereziki luzearen» ondorioz, ez dute uste arrazoizkoa denik egoera horretan jarraitzea.
Behin-behinean preso segituko du Otegik
'Herrikoen auzian' bermea ordainduta aske uztea erabaki dute, baina preso jarraituko du beste auzi bategatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu