Epairik ezean, martxoaren 6an libre utzi behar dituzte 'Haika-Segi auziagatik' behin-behinekoz espetxean diren auzipetuak. Aukera hori saihestu nahi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta, ondorioz, epaiketa luze jotzen ari dela iritzita, badaezpadako kartzelaldia beste 126 egunez luzatzeko eskatu du. Defentsak nahitara eta "fede txarrez" epaiketa luzatzeko bideak erabili dituela argudiatzen du.
Hilaren 21ean, astelehenean, egin zuen eskaera idatzia Fiskaltzak, baina defentsak atzo izan zuen horren berri; hau da, hiru egun beranduago. Nolanahi ere, auzipetuen abokatuek dagoeneko aurkeztu dute eskaera horri aurre egiteko idatzia, azaldu dutenez, datu zehatzen bidez epe guztiak bete dituztela frogatuz.
Gainerakoan, Josu Arkauz, Jose Mari Dorronsoro eta Jose Luis Alvarez Santacristina presoek deklaratu dute gaur lekuko gisa. ETAko kide izateagatik daudela kartzelan agertu dute hirurek, eta, beraz, ondo ezagutzen dutela erakunde armatuaren funtzionamendua. Ukatu egin dute ETAk inoiz Jarrai, Haika edo Segiri zer egin behar zuten agindu zienik, eta, halaber, KASen gainean inolako aginbiderik zuenik.
'Haika-Segi auzia'