Hil honetan. N-121-A errepideko Belateko tunelak 15a baino lehe zabaldu ahal izatea espero du Nafarroako Gobernuak. Halaxe erran du Sustapen kontseilari Luis Zarralukik, Nafarroako Parlamentuan. Zehaztu du, hala ere, eguraldiak zer erran handia izanen duela, eta euria eginez gero datozen asteotan, akaso atzeratu beharko dutela data. Apirilean gertatu hiru luiziren ondorioz dira Belateko tunelak itxita. Une honetan, Irunerako norabidean baino ezin dute ibilgailuek tuneletatik pasa. Iruñera itzultzeko, mendateko errepide zaharra erabili behar dute ibilgailuek. Zarralukik azaldu du maiatzaren hasieratik luiziek eragindako kalteak konpontzeko lanean ari direla, eta aurrekontua milioi bat euro ingurukoa dela.
Kontseilariak onartu du errepide zaharrean luiziak gertatzeko arriskua ere badela. "Arrisku hori mahai gainean dago. Eguraldi hagitz kaskarra badugu, errepide zaharrari eragiten ahal dion luizia gerta daiteke orain konpontzen ari garen eremuan". Hori dela eta, mendi magal hori egonkortzeko porlanezko piloteak jartzen ari dira irristatzea dagoen tokian, lurrari eutsi ahal izateko. "Orain mugimendurik ez dago. Euri anitz egiten badu, akaso gerta daiteke, baina kalterik ez gertatzeko neurriak hartu ditugu", erran du Zarralukik. Errepide zaharra ere moldatuko dutela erantsi du. Datorren astean hasiko dituzte lanak. Bilduk eskatuta agertu da Zarraluki parlamentuan. Talde horrek, bai eta Aralar-NaBaik eta Ezkerrak ere, N-121-A errepideko arazoak "aspaldikoak" direla gogoratu dute.
AHTari buruz
Abiadura handiko trena ere mintzagai izan du Zarralukik Nafarroako Parlamentuko Sustapen Batzordeko kideen aurrean. UPNk azpiegitura horren alde egin dituen urratsak nabarmendu ditu kontseilariak, eta AHTaren aldeko apustua berretsi du. "Gure asmoa da Nafarroako korridore osoa egitea; kontua da Espainiako Sustapen Ministerioak ezin diola proiektu horri ekin epe motzean; bitartean, bertzelako formulak bilatu behar dira", azaldu du Zarralukik