Belaunaldien arteko sareak nola ehundu

Eusko Jaurlaritzak mugaz gaindiko zenbait proiektu pilotu sustatu ditu Transis Lab egitasmoarekin, gazteen eta zaharren arteko elkartasuna sustatzeko. Belaunaldien arteko harremanak «berregin» behar direla uste dute proiektuetako arduradunek.

Belaunaldi arteko elkartasun topaketan parte hartu duten ordezkariak, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Belaunaldi arteko elkartasun topaketan parte hartu duten ordezkariak, gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko otsailaren 5a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elkarren ondoan bizi dira, baina ez dute elkarren berri. Alde batetik, bakardadea, ahultasuna edo autonomia txikia duten zaharrak daude; eta bestetik, lan prekaritateari, emantzipazio zailtasunei eta ziurgabetasunari aurre egin behar dioten gazteak. Bi errealitate horien arteko zubirik kasik ez dago, baina beharrezkoak dira, gizartean gero eta handiagoa den «arrakala soziala» desagerrarazi nahi bada.

Bi errealitate horien arteko elkartasun sareak eratzeko, Eusko Jaurlaritzak mugaz gaindiko Transis Lab proiektua ondu zuen duela bi urte. Orduan egin zuten proiektuaren lehen aldia —bereziki landa eremuko adineko zaurgarriei nola lagundu aztertu zuten—, eta hango esperientzia akuilu izan da 2026tik 2028ra bitartean ere egitasmoarekin jarraitzeko. Kasu horretan, 11 esperientzia pilotu martxan jarri dituzte belaunaldien arteko elkartasunaren inguruan; berrehun gaztek eta beste horrenbeste zaharrek parte hartuko dute.

Belaunaldien arteko «ekosistemak» sortzen hasi dira, adibidez, Usurbilen (Gipuzkoa), Iruñean, Uztaritzen (Lapurdi) eta Pirinio Garaian (Okzitania), eta egitasmo horietako arduradunek zera diote: ezinbestekoa da gazteen eta adinekoen arteko harremanak «berregitea». Proiektuetako arduradunek esperientzia bakoitzari buruzko xehetasunak eman dituzte gaur Gasteizen, Jaurlaritzak Europa jauregian antolatu duen topaketan.

Iparraldeko esperientziaz aritu da Jean-Philippe Nicot. Uztaritzen martxan jarriko duten proiektu pilotuaren arduraduna da, eta azaldu du Iparraldean erronka nagusia «egituratze soziala» dela, hau da, eragileak proiektu kolektiboen inguruan elkartzea, eta xede horri helduta, eta sentsibilizazioa eta esku hartze zuzena ardatz hartuta, hainbat jarduera antolatuko dituztela. Batetik, 2027ko urriaren 9an Elkartasunen herria izeneko ekinaldia egingo dute Baionan, belaunaldien arteko gogoeta kolektiborako denborak eta espazioak sortzeko.

«Udalerri berean bizi diren pertsonen arteko loturak sendotu nahi ditugu»

ZURIÑE MINDEGIAZabalduz kooperatibako lan eta gizarte inklusiorako zuzendaria

Bigarren proiektua «utopikoagoa» dela aitortu du Nicotek: Uztaritzeko industrialde zahar bat hartu, eta belaunaldi arteko esperimentazio eremu bihurtu nahi dute: ikasleentzako eta gizarte egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako etxebizitzak, edota hezkuntza eta prestakuntza espazioak egin nahi dituzte han. «Helburua da belaunaldien arteko topaguneak sortzea, norberaren jatorria eta egoera edozein dela ere».

Zuriñe Mindegia Gipuzkoako Lan eta Gizarte Inklusiorako zuzendariak azaldu du Gipuzkoako Zabalduz kooperatiban ere lanean ari direla gazteen eta zaharren arteko elkartasun sareak josteko. Gehienbat adingabeekin lan egiten dute, baina, azken urteetan, bakardadeak adin guztietan dituen ondorioak lantzen hasi dira, eta, hala, belaunaldien arteko «elkartasuna» indartu nahi dute.

Usurbilen garatu nahi duten esperientzia pilotuak aurretik egindako lan bati jarraipena eman nahi dio —Auzosare izenekoa—. Proiektu horretan, adinekoen bakardadea eta hauskortasuna lantzen dituzte, baina Mindegiaren esanetan, «norabide bakarrekoak» izaten dira jarduerak, eta ez dituzte gazteak eta adinekoak elkartzen. Gabezia horretatik sortu da bi belaunaldiak lotzeko ideia, gizarte mentoretza tresna gisa hartuta. Bi auzotan egingo dute proba, ehun lagun ingururekin. «Udalerri berean bizi diren pertsonen arteko loturak sendotu nahi ditugu», azpimarratu du.

Adinkeria

«Frantzian, adina zama gisa ikusten dute, eta zaharrak baztertu egiten dituzte». Errealitatea bere gordinean azaldu du Gouplandek, Pirinio Garaiko esperientziaz esplikazioak eman dituenean. Adinekoak eta autonomia galera duten pertsonak artatzen dituzte Pirinio Garaiko Antolaketa Departamenduan, eta gizartean adinaren inguruan dagoen ikuspegia aldatzeko beharraz mintzatu da hango arduraduna.

Azaldu duenez, Frantziako adineko askok «dolu» gisa bizi dute jubilazioa, eta horrek haien «bakardadea» areagotzen du. Horri aurre egiteko, belaunaldien arteko ekintzak funtsezkoak direla dio. Hala egiten ari dira Bigorren: esperientzia pilotu bat martxan jarri dute han, 3 eta 6 urte arteko haurrekin eta zortzi adinekorekin. Haur horietako askok tratu txarak edo bakardadea bizi izan dituzte, baina, Gouplanen esanetan, adinekoekin «lotura berezia» lortzen ari dira egitasmoari esker. 

«Frantzian, adina zama gisa ikusten dute, eta zaharrak baztertu egiten dituzte»

KEVIN GOUPLANDPirinio Garaiko Antolaketa Departamenduko zerbitzuburua

Hiru hilabetean behin, programaren ebaluazioa egiten dute, eta onurak «agerikoak» direla azpimarratu du: bakartze soziala gainditzeko pausoak eman dituzte, estimulazio kognitibo eta emozionala landu dute, eta enpatia garatu, bereziki jatorri eta kultura ezberdinetako gazteen artean.

Zaintza erdigunean jartzen duten esperientziak ere entzun dira topaketan. Nafarroako Gobernuak adinekoen oztopo fisiko eta sentsorialak ikusarazteko duen egitasmoak, hain justu, «zaintzaren etika eta kultura» erdigunean jartzea du helburu, Itziar Herrero Nafarroako Gobernuko Berrikuntza Publikoko buruak kontatu duenez.

11 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektu pilotu bat da hori, eta zaharren oztopo fisiko eta sentsorialak ikusaraztea du helburu, gazteen enpatia sustatzeko. Horretarako, «autoesperimentazio» tailerrak egingo dituzte: mugikortasun edota entzumen arazoak simulatuko dituzte jantzien bidez, gazteek zahartzaroa zer den sentitu ahal izango dute. Esperientzia hori, Herreroren hitzetan, «ondorengo gogoeta pertsonal eta kolektibo batekin» osatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.