Beldurrezko filmen zaleak hobeto moldatu dira psikologikoki izurrian

Nazioarteko psikologo talde batek eginiko ikerketa baten arabera, genero horrek lagundu egiten die zaleei estresa jasaten eta halako egoeretarako prestatzen.

Steven Soderbergh zuzendariaren 'Contagion' filma (2011). Izurri bat erralismo handiz kontatzen du. WARNER BROS
Edu Lartzanguren.
2020ko uztailaren 8a
16:59
Entzun

—Zonbi telesail horren beste denboraldi batekin denbora galtzen?

—Ez da denbora galtzea; izurriaren hurrengo agerraldirako prestatzen ari naiz!

Sketch baterako elkarrizketa ematen du, baina, beharbada, zientzian oinarrituta dago. Izan ere, psikologo talde baten arabera, beldurrezko filmen, pandemien, zonbien eta apokalipsiaren inguruko fikzio lanen zaleek abantaila handia eduki dute COVID-19 gaitzaren izurrian: zaletasunak lagundu egin die psikologikoki prestatzen, eta egoerak sorturiko estresa jasaten.

Danimarkako Aarhus Unibertsitateko, Pennsylvaniako Estatu Unibertsitateko eta Chicagoko Unibertsitateko (AEB) psikologoek berriki plazaratu dute ikerketa. Zientzia komunitateak ez du oraindik balioztatu ikerketa, baina dagoeneko hasi da zeresana ematen.

Emaitza argia da: beldurrezko generoaren zaleek hobeto eutsi diote egoerari, eta, hobeto eusteaz gain, hobeto prestatuta egon dira egoerari aurre egiteko. Horrez gain, jakin-min morbosoa dutenak ere hobeto ibili dira, eta joera handiagoa eduki dute izurrien inguruko filmak ikusteko pandemian.

«Denak batera hartuta, emaitza horiek bat datoz hipotesi honekin: fikzio beldurgarriak kontsumitzeak aukera ematen diete ikus-entzuleei eusteko estrategiak garatzen, zeinak mesedegarriak izan daitezkeen benetako egoeretan», idatzi dute ikertzaileek.

Zergatik gozatzen dute batzuek berez desatseginak, beldurgarriak eta asaldagarriak diren istorioak irakurtzen, entzuten edo ikusten? Galdera horri askotan erantzun nahi izan diete psikologoek. Ikertzaileek esan dutenez, azalpen bat indartuta atera da ikerketatik: «Esperientzia horiek benetako bizipenen simulazio lana egin dezakete, eta gizabanakoek informazioa atera dezakete horietatik, eta mundu posibleak moldatu». Esaterako, jokabide edo jarrera baten arrakasta edo porrota ikas dezakete: pertsonaiaren bat gehiegi fidatu da, eta, horren ondorioz, galbidera itsu-itsuan joan da; edo izuak erreakzionatzeko ahalmenik gabe utzi du pertsonaiaren bat, eta arriskutik ihes ez egiteagatik galdu da; edo ondokoei kutsaturik dagoela ezkutatu dienaren amaiera tristea. «Irudikaturiko munduetan egoera arriskutsuak esploratzea askoz seguruagoa da benetako munduan egitea baino».

Pandemien inguruko filmen eginkizuna nabarmendu dute ikertzaileek. Horietan benetako izurrian mahai gainean jarri diren galderak egiten dira: Nola erreakzionatzen du jendeak halakoetan? Elkar laguntzen dute, edo norbere burua salbatzea da kontua? Fidatzekoak dira erakundeak?

Steven Soderbergh zuzendariak 2011. urtean estreinatu zuen Contagion filma, esaterako, asko ikusi zen konfinamenduaren unerik gogorrenetan. Izurri bat nola garatzen den errealismo handiz kontatzen du.

Baina zientziatik —eta errealitatetik— oso urrun dauden fikzioek ere onura dutela ondorioztatu dute ikertzaileek. «Istorio bateko egoera benetako bizitzako gertaeren aldean oso ezberdina bada ere» —zonbiak, estralurtarrak, banpiroak, ahotik sua botatzen duten dinosauroak—, «istorioetako askoren funts nagusia ez datza errealitatearekiko antz literalean, baizik eta horietatik atera daitekeen zentzutik, eta benetako munduko egoeretan erabil daiteke».

Hirurehun pertsona baino gehiago bildu dituzte ikerketarako, eta galderak egin dizkiete genero horretako filmen inguruko zaletasuna neurtzeko. Gero, test psikologiko estandarrak egin dizkiete, prestasuna eta estresari eusteko ahalmena neurtzeko, esaterako. Coltan Scrivner, John A. Johnson, Jens Kjeldgaard-Christiansen eta Mathias Clasen ikertzaileek sinatu dute lana.

Ikerketaren egileek onartu dute, edonola ere, ez dakitela beldurrezko fikzioak halako egoerei aurre egiteko ikusleen ahalmena indartzen duen, edo berez dohain handiagoa dutenek daukaten joera handiagoa horiek ikusiz gozatzeko.

Edonola ere, istorioen bidez, jendeak ikas dezake «harrapakari arriskutsuengandik ihes egiten, egoera sozial berrietara moldatzen, eta hondamendi bat nola gainditu. Gainera, fikzio irudimentsuak ikusleei aukera ematen die besteek buruan darabiltena irakurtzeko eta emozioak kontrolatzeko, batez ere ezohiko eta hil edo biziko egoeretan». Gaur pairatzen dugun izurrian, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.