EUSKAL PRESOAK

Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide historikoa hil da

Donostian hil da, bart gauean, ospitale onkologikoan. Denbora asko zeraman gaixo, eta espetxealdi arinduarekin zegoen etxean.

Belen Gonzalez, 2005ean Frantziatik Espainiara preso eraman zutenean. EFE
Berria
2017ko azaroaren 16a
15:10
Entzun

Belen Gonzalez Peñalba beasaindarra ETAren ordezkaritza taldeko kidea izan zen erakunde armatuak Espainiako Estatuarekin izan zituen bi negoziazio saiotan: PSOEren gobernuarekin 1989an, Aljerian, eta PPren gobernuarekin 1999an, Suitzan. 1999. urteaz geroztik egon da preso, eta azken zortzi urteetan etxean izan da, espetxealdi arinduarekin, minbiziaren ondorioz.

ETAren Madrilgo komandoarekin lotu da Gonzalez, 1970eko hamarkadaren amaieratik 1980koaren amaierara bitartean. 1989an, berriz, Aljeriako negoziazioetan parte hartu zuen Iñaki Arakamarekin eta Eugenio Etxebeste Antton bikotekidearekin batera.

Aljeriako negoziazioek porrot egin ostean, Santo Domingon eman zituen hamar urte, eta 1999an bigarren aldiz izan zen ETAren ordezkari, erakundeak Espainiako Estatuarekin Suitzan izan zituen negoziazioetan.

Elkarrizketek porrot egin eta gutxira atxilotu zuten Gonzalez —1999ko urriaren 25ean—, Pauen (Frantzia), Zipriano Fernanez Garciarekin batera. 2001eko apirilean epaitu zuen Frantziak, eta zortzi urteko zigorra jarri zioten "helburu terroristadun gaizkile taldeko kide" izatea leporatuta.

Zigor hori beteta, Espainiko Justiziaren esku utzi zuen Frantziako Estatuak 2005eko azaroan. Espainiako Justiziak ehunka urtetako zigorra ezarri zion Madril komandoko kidea izatea egotzita. Besteak beste, Diego de Prado eta Colon de Carvajal bahitzea eta 80ko hamarkadan hilketak egitea leporatu zion. 2005 eta 2009. urteen artean, Soto del Real, Valladolid eta A Lama espetxeetan izan da. Azken horretan minbizia topatu zioten, eta Pontevedran (Galizia) ebakuntza egin ostean, etxera bidali zuten espetxeratze arindu erregimenean. Ordutik, Lazkaon bizi izan da.

Azkenaldian, Gonzalezen osasunak okerrera egin du, eta bart zendu da, Donostiako ospitale onkologikoan, 59 urte zituela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.