Sentsazio "gazi-gozoa" dute Mugituko kide Julio Villanuevak, Gorka Ovejerok, Mikel Alvarezek eta Ibon Garciak, Espainiako Auzitegi Nazionalak haien aurka plazaratutako epaiari buruz. Bi urteko espetxe zigorra ezarri die Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinaren aurkako tartakaden egiletzat jotzen dituen Villanuevari, Ovejerori eta Garciari, eta batekoa, berriz, Mikel Alvarezi, "konplize" izateagatik. Batetik, zigor hori Barcinarentzat "porrota" dela erran dute Mugituko kideek, ez direlako espetxean sartuko. Bertzetik, tartakadak emateagatik bi urteko zigorra ezartzeak "protesta kriminalizatu" nahi duela salatu dute. Ildo horretan, Espainiako Gobernuak zigor kodea gogortzeko duen asmoarekin lotu dute Mugituko kideek Auzitegi Nazionalaren epaia.
Desobedientzia zibilaren zilegitasuna defendatu dute Mugituko kideek, eta "benetako atentatua" abiadura handiko trenaren lanak direla nabarmendu dute. Diru publikoa "xahutu" eta "lurra txikitu" dutela salatu dute. Azpiegitura horren aurkako borrokari eusteko eskatu diete herritarrei. Oraindik ere AHTa gelditzeko "garaiz" garela gaineratu dute.
Mugituko kideen abokatuek helegitea aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Gorenean, haien aurkako sententziaren kontra. Berretsi dute Espainiako Auzitegi Nazionalak jurisdikziorik ez duela, eta auzia jada Okzitaniako Tolosan ikertu eta artxibatu egin zutela. Sententzia "neurrigabea" dela erran dute. Mugituko kideen hitzetan, urtebete inguru luzatu daiteke auzia, helegitearen harira.