Mobilizazioak

"Benetako elkarrizketa" eskatu dute milaka lagunek Donostian

Elkarrik deituta manifestazio handia egin dute gaur Donostian milaka lagunek, 'Konpromiso handiagoa giza eskubideekin. Benetako elkarrizketa abendua baino lehen' goiburupean. Manifestazioa arratsaldeko 17:30ean irten da Haizeen Orrazitik, eta 18:30ak aldean iritsi da Bulebarrera. Han, ekitaldia egin dute, eta Elkarriko bozeramaile Jonan Fernandezek azpimarratu duenez, orain une egokia da gatazkaren konponbiderantz urratsak emateko, eta beraz, abendua baino lehen alderdien artean "benetako elkarrizketa" abiatzea eskatu du. Manifestazioan aurpegi ezagun ugari ikusi ahal izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Zenarruzabeitia, EAko buruzagi Martin Aranburu, Aralarreko Patxi Zabaleta, EBko Oscar Matute, Kontseiluako idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartu, eta Estitxu Fernandez kazetaria.

2004ko urriaren 2a
19:13
Entzun
Idoia Zenarruzabeitia Jaurlaritzako lehendakariordea joan da manifestaziora Jaurlaritzaren ordezkari gisa. Beste hainbat politikari eta sindikatuetako kide ere han dira. Kirol eta unibertsitate arloan lan egiten duten pertsona ezagunek bat egin dute mobilizazioaren edukiekin: besteak beste, Loquillo abeslariak, Abraham Olano kirolariak, Juanito Oiarzabal mendizaleak, Ramon Zallo irakasleak eta Toti Martinez de Lezea idazleak.

Honela mintzatu da Jonan Fernandez manifestazioaren amaieran: "Ez dugu eskatzen elkarrizketa modu abstraktu edo generikoan soilik, lehen urrats zehatz eta bideragarria proposatzen dugu. Hurrengo aste eta hilabeteetan buruzagi politikoen gailur bat ospatzea eskatzen dugu, bazterketarik gabe. Orain egiten ari ez dena eta egin daitekeena aztertu, egoera historiko hau alferrik galdu ez dadin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.