Bengoa: «Epaia onartu besterik ez dugu»

Eusko Jaurlaritzak ez du berrordainketa ontzat ematen, eta erretiratuei ahalik eta kalte txikiena eragiten saiatuko da

Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
«Eusko Jaurlaritzak onartu egiten du Auzitegi Konstituzionalak botiken berrordainketaren inguruan emandako epaia, baina ez dator bat edukiarekin». Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoaren hitzak dira. Pentsaurreko bat eman zuen atzo, Bilbon, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiari eta berrordainketa sistemari buruz hitz egiteko. «Berrordainketa ez da sistema egokia, bidegabea eta ez-eraginkorra delako. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ez du babesten», esan zuen.

Bengoak azaldu duenez, Jaurlaritzak oraindik ez du jaso Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Jasotzen duenean, hogei egun izango ditu helegitea jartzeko. Osasun sailburuak nabarmendu duenez, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian indarrean dagoen ordainketa sistemak bere horretan jarraituko du abuztuan, epaia Jaurlaritzaren eskuetara heldu eta helegitea jarri arte. «Irailean, dokumentazioa iristen zaigunean, ezarriko ditugun hurrengo neurriak azalduko ditugu», adierazi du.

Lege auziak konpondu bitartean, epaia «onartzea beste erremediorik» izan ez dutenez, berrordainketa sistema ezartzeko modua «aztertzen» ari direla esan du Bengoak; azaldu du «bizpahiru hilabete» beharko dituztela sistema ongi ezartzeko: «Aste honetan jarri dugu errezeta elektronikoen sistema, eta berrordainketa ez zegoen aurreikusita; ez dugu nahi horrek errezeta elektronikoen sistemari eragitea, emaitza onak ematen ari delako orain arte».

Bengoak esan du Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian berrordainketa ezarrita ere erretiratuek ez dutela jasango «kalte ekonomikoa»; adierazi du aztertzen ari direla erretiratuei «botikak erosteagatik dirua nola itzuli». Horrez gain, zehaztu du Auzitegi Konstituzionalaren epaia jaso bitartean, behintzat, dirua ematen jarraituko dietela Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik kanpo botikak erosten dituzten herritarrei; berrordainketagatik ordaindutako kopurua orekatzea du xede neurriak.

Bengoak uste du badaudela berrordainketa baino sistema «justu eta zuzenagoak». EAEn indarrean dagoena nabarmendu du: «Europako Batasuneko herrialde askok deitu digute gure sistemagatik galdezka, informazio eske; Espainiako Gobernuari, berriz, ez dio inork hotsik egin».

ELA, berrordainketaren aurka

Auzitegi Konstituzionalak esandakoari «men egitea» murrizketak ezartzeko «prest» egotea dela salatu du ELA sindikatuak. Zehaztu du Espainiako Gobernuak osasunean ezarritako murrizketak «bidegabeak» direla. Horien artean jarri dute botiken berrordainketa; adierazi dute ez dutela neurria «ontzat» ematen.

Eusko Jaurlaritzak «tranpa» egiten du, ELAren ustez: «Itxuraz murrizketen aurkako jarrera du, baina gero neurri horietako asko aplikatzen ari da, osasunean eta gizarte zein etxebizitza zerbitzuetan». Gauzak horrela, sindikatuak Jaurlaritzari eskatu dio uko egiteko «jendearen eskubideak murrizteari eta botiken berrordainketa ezartzeari».

Botiken berrordainketa «pertsonen eskubideen eta duintasunaren aurkako kolpea» dela salatu du Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek. Era berean, Lopezi eskatu dio herritarren eskubide sozialak «propagandatik haratago» babesteko.

Bestalde, Ezker Anitzak Jaurlaritzari galdegin dio «intsumiso» izatea Espainiako Gobernuaren murrizketen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.