Haizea bortizki altxatu da gauean, eta buhakoak Euskal Herri osoan gaindi zabaldu dira: Benjamin tenpesta altxatu da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alerta gorrian daude; Ipar Euskal Herrian, alertan laranjan, eta, Nafarroan, berriz, alerta horian.
Mementokotz, Hego Euskal Herrian ez da istripurik gertatu. Ipar Euskal Herrian, aldiz, bai: goizean, zuhaitz bat auto baten gainera erori da osorik, Bardozen (Lapurdi); autoa biziki andeatua da, baina, oraingoz jakinarazi dutenaren arabera, zauriturik ez da izan. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak meteorologia zerbitzuak aipatuz atzo adierazi zuenez, litekeena da «haize bortitzek» 14:00ak artean irautea «gutienez».
Haize azkarren ondorioetako bat da olatu biziki handiak altxatzea, eta urak gainezka egitea. Horregatik, Urruñako (Lapurdi) Erlaitzeko bidea hetsi zuten atzo 19:00etatik goiti, eta, zenbait itsasbazterretan neurriak indartu dituzte goizean, hala nola Miarritzeko (Lapurdi) Hondartza Handian. Oreneko 110 kilometroko buhakoak espero zituzten ikertzaileek, eta oreneko 117 kilometrorainokoak izan dira goizean.
Enedisen, hots, Frantziako elektrizitate sareetako enpresetarik baten arabera, 2.000 elektrizitate etenalditik gora izan dira Pirinio Atlantikoetako Departamenduan; horien konpontzeko lanetan ari dira. Garraiobideei dagokienez, Hendaia (Lapurdi) eta Donibane Garaziko trenbideak hetsiak dira gaur.