jakes goikoetxea

Berandu ez, beranduegi

2026ko martxoaren 29a
06:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patxi Ezkiaga irakasle eta idazleak sexu abusuak egin zizkien, haur eta gaztetxo zirela —gehienak Donostiako La Salle eskolako ikasle—. Abusu horien ondorioei aurre egin behar izan diete, eta aurre egiten jarraitzen dute, hamarkada batzuk geroago. Isilpean gorde dute urte askotan. 26 emakume ausartu dira abusu horien berri ematera. Eskolari eta La Salle kongregazioari gutxieneko erreparazio bat eskatu diete. EAEko Arartekoaren babesa eta laguntza jaso dute. Eskolak eta kongregazioak uko egin diete haien eskaerei. Eta, erantzun hori ikusita, emakume horiek beren ezinegona, mina, ezina, atsekabea... plazaratu dituzte. Baita indarra eta sinesgarritasuna ere.

Adierazgarria eta etsigarria da ikustea Euskal Herrian Eliza katolikoari lotuta izan den sexu abusu eta pederastia kasurik handienetako bat egiten ari den bidea: ikerketa sakon eta ofizialik ez, erreparazio publiko eta kolektiborik ez. Ikerketa sakon eta ofizialik ez dago, ez abusuez, ez biktimek urte haietan egindako salaketek eskolaren barruan egin zuten bideaz, ez abusuak ahalbidetu zituen ekosistemaz. Inpunitate ekosistemaz. Isiltasunaz. Urteen poderioz gero eta ozenagoa den isiltasunaz.

Ezkiagaren biktimek bi eskaera nagusi egin zizkieten eskolari eta kongregazioari: bata, agiri publiko bat, Ezkiagaren abusuak salatzeko, Ezkiaga inpunitate osoz aritzeko modua eman zioten jokabideen erantzukizuna hartzeko eta biktimak babesteko —webgunean argitaratuta geratuko litzateke—; bestea, ekitaldi publiko eta sinboliko bat, biktimei eragindako mina aitortzeko eta barkamena eskatzeko —oroigarri bat jartzea ere proposatu zuten—.

Barkamena publikoki ez eskatzeko, kongregazioak argudiatzen du jada eskatu duela. Kongregazioak barkamena deitzen dio Ezkiagaren sexu abusuak azaleratu eta gero bere «hezkuntza komunitatean» zabaldu zuen gutun bati. «Hezkuntza komunitatean» egin zuen, baina gizartean ez, eta garrantzitsuena dena: biktimei zuzenduta ere ez. Ez zen izan barkamen adierazpen publiko eta kolektibo bat.

Adierazgarria eta etsigarria da ikustea Euskal Herrian Eliza katolikoari lotuta izan den sexu abusu eta pederastia kasurik handienetako bat egiten ari den bidea: ikerketa sakon eta ofizialik ez, erreparazio publiko eta kolektiborik ez.

Eskolak eta kongregazioak onartzen dute Ezkiagak sexu abusuak egin zituela. Hain zaila da adierazpen ofizial batean eta ekitaldi publiko batean Ezkiagaren sexu abusuak salatzea eta barkamena eskatzea? Kongregazio erlijioso baten mende dagoen eskola batek? Barkamena, hitzez behintzat, oinarrietako bat duen erlijio bati lotutako eskola batek?

Biktimek lortu dute kongregazioa zerbait esatera behartzea. «Gogoeta prozesu» bat egingo du biktimei emandako erantzunari buruz. Marisol Zamorak 2024ko maiatzaren bukaeran salatu zuen publikoki Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola. Ia bi urte pasatu dira salaketatik «gogoeta prozesura».

EAEko Arartekoaren bideak kale egin du. Ez ibilbideagatik, erakundeak babestu egin baititu biktimak eta haien eskaerak. Kale egin du emaitzari begira. Orain, beste erakunde batek hartu beharko luke lekukoa. Itunpeko eskola da La Salle. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zerbait esan edo egin beharko luke. Publikoki edo pribatuki. Hezkuntza sareko eskola bat uko egiten ari zaio eskola horretako irakasle baten sexu abusuak jasan zituztenei barkamen adierazpen bat eta erreparazio ekitaldi bat egiteari. Izan ere, Ezkiagaren biktimei ere badagozkie erabileraren erabileraz higatutako eta kamustutako memoria, erreparazioa, justizia eta zoru etikoa.

Ez zen hain zaila gauzak ondo egitea. Denek dakite 2026. urteko Donostiako La Salle ikastetxea ez dela Ezkiagak harrapakari baten gisan jardun zuen eskola. Gauzak aldatu direla. Pentsa, Ezkiagaren biktimetako batzuek bertara eraman dituzte beren seme-alabak. Egungo arduradunak ez dira Ezkiagaren sexu abusuen erantzule zuzenak. Badira, ordea, biktimen erreparazio faltarenak.

Kezkagarria da eskolako eta kongregazioko 2026ko arduradunek halako tema izatea beren eskola batean egindako sexu abusuen biktimei eskatzen dituzten oinarrizko erreparazio neurriak ez onartzeko, bidegabekeria eta sufrimendua iraunaraziz, haserrea areagotuz eta zauriak orbaintzea zailduz. Biktimen erreparazioa zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta okerrago. Inoiz ez dela berandu dio esaerak, baina biktimentzat beti da berandu, eta, kasu honetan, beranduegi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA