BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua proposatu dute hautagai gisa EAJko Bizkaiko Buru Batzarrak eta Bilboko Uri Batzarrak 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan Bizkaiko hiriburuko alkategai izateko. Dena den, oraindik ez da ofiziala hautagaitza, urriaren 7an hasiko baitu EAJk bere hautagaiak erabakitzeko prozesua, eta azaroaren 25ean egingo dituzte ofizial izendapenak.
Aburtok berarekiko izandako "konfiantza" eskertu dio EAJri, eta barne prozesuarekiko "erabateko errespetua" adierazi du. Halaber, Bilboko alkatetzarako hautagai izatea "harro" egoteko modukoa dela erantsi du, baina baita oroitarazi ere datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako zereginetan jarraituko duela.
Aurreko agintaldian, Iñaki Azkuna zenak gehiengo osoz irabazi zituen bozak Bilbon, eta, hura hilda, Ibon Aresok hartu zuen kargua.