Nafarroako lehendakari Uxue Barkosen eskutik jaso du Berdinna saria Blanca Fernandez ikerlari sozialak. "Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko konpromisoak zedarritu du haren bizi ibilbidea", nabarmendu du Barkosek.
Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan egin dute ekitaldi instituzionala, eta bertan, saridunak eta lehendakariak ez ezik, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezek ere parte hartu dute.
Nafarroako Gobernuak aurten sortu du Berdinna saria, "aitortza" publikoa egiteko gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko ekintzak egiten dituztenei. Ollok gogora ekarri du "bide luzea" dagoela alorrean, eta garrantzitsuak direla halako keinuak.
Fernandez Vigueraren hautagaitza Iruñeko IPES elkarteak aurkeztu zuen, eta nazioarteko 26 pertsona ezagunen babesa izan du. Saritua, hain zuzen, emakumearen eta feminismoaren inguruko ikerketetan nabarmendu den elkartearen sortzaileetakoa da. "Haren aktibismo eta militantzia feminista" nabarmendu ditu gobernuak, feminismoaren "aitzindarietako bat" izan dela goraipatuz. Hain zuzen ere, IPESeko sortzaile moduan "elkarte honen genero ildoa" bultzatu zuen, eta "teoria feministen ikerketa eta zabalkundea, generoaren, emakumeen historiaren, emakumeen bistaratzean eta emakumeek zientzia munduan egin dituzten ekarpenen hedapenean" ere lan handia egindakoa da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere nabarmentzeko moduko lana egin du, "gizon eta emakumeen berdintasunean lagunduz".