Patxi Lopezen agintaldiaren balantzea (VI). Berdintasun politikak eta osasungintza

Berdintasunean, «legegintzaldi galdua»

Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritza sortuz, berdintasun politiken ildoa auzitan jarri du gobernuak. Bortxa matxistaren aurkako legea tiraderan geratu da.

Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburu ohia, eta Mariola Serrano Biktimen Arretarako zuzendaria. IREKIA.
Maite Asensio Lozano.
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Asko espero dutenen aurreikuspenak betetzen ez direnean, handiagoa izan ohi da desilusioa. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alorrean, Eusko Jaurlaritza sozialista batek politika berritzaileak abiatuko zituela uste zuten zenbait feministak 2009ko maiatzean. Egun, ordea, «legegintzaldi galdutzat» jotzen dituzte hiru urteok. Eta etorkizunera begira jokaleku nahasia utziko du Patxi Lopezen gobernuak: indarkeriaren aurkako jarduna, berdintasun politiketatik bereizita; eta Emakunde, ahuldurik eta erreferente izaera galduta, Herrizaingo Sail indartuaren aldean.

Berrikuntzak espero ziren, eta aldaketa esanguratsu batekin abiatu zuen PSE-EEk agintaldia: Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritza sortu zuen, Herrizaingo Sailaren barruan. Bortizkeria jasaten duten emakumeentzat «arreta eta babes politika integrala» martxan jartzea izan da haren helburua; «leihatila bakarra» eskaintzea, Mariola Serrano zuzendariak azaldu duenez: «Arreta eta babeserako baliabideak kudeatzen ditugu. Ertzaintzaren babesa, etxebizitzen adjudikazioa, laguntza ekonomikoak, biktimentzako zerbitzuak, arreta telefonoak eta beste ez zeuden zentralizatuta lehen. Orain, andreek ez dute sail batetik bestera joan behar: aski dute eskakizun bakarra egitearekin».

Mugimendu feministan ez zuen erreakziorik eragin zuzendaritza berriak, ezta haren kokapenak ere. «Hasieran, pentsatzen genuen ez zela txarto etorriko Ertzaintzaren jarduna hobetzea, segurtasuna garrantzitsua zelako, emakumeen babes neurriak huts egiten ari zirelako», esan du Anabel Sanz FeministAlde elkarteko kideak. Apurka, ordea, jarduteko esparrua zabaldu zuen zuzendaritzak, eta indarkeriarekin lotutako guztia bereganatu. «Gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan zen, eta agerian geratu zen gobernuaren esparruan Serranok zuela boterea eta ez Emakundek».

Zuzendaritzaren proiektu izarrean azaleratu da bilakaera hori: indarkeria matxistaren aurkako legean. Serranok dioenez, «Emakunderi dagozkio berdintasun politikak eta genero indarkeria prebenitzekoak», baina haren partaidetzarik gabe idatzi zuen zuzendaritzak lege testua. Lehen zirriborroa Jaurlaritzaren webgunean jartzearekin batera izan zuen Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak edukiaren berri, ez lehenago. Eta ez zuen gustuko izan: «Aurreproiektua ez zen ona, eta horregatik ez zen onartu».

Hala, agintaldiko erronkarik handiena porrot handiena ere bihurtu da: lege egitasmoa bertan behera utzi behar izan zuen otsailean Herrizaingo Sailak, lau hilabetez eztabaidatu ostean eta Rodolfo Ares sailburuak berak testuaren egokitasuna jendaurrean irmoki defendatu ondoren. Lege aurreproiektua baino ez zen izan, hasieratik kontra izan baitzituen talde feministak, instituzioetako berdintasun teknikariak, Emakunde, foru aldundiak eta zenbait alderdi politiko.

Testuak ez zuen eskubide berririk aitortzen, eta ordurako martxan zeuden baliabideen kudeaketa bereganatu baino ez zuen egiten. 2005ean onartutako Berdintasun Legearen atal bat baliogabetzeko asmoak eragin zuen arbuio handiena, besteak beste, indarkeriaren alorreko ikerketa, prebentzioa eta trebakuntza gidatzeko ahalmena kentzen ziolako Emakunderi.

Jakina da auziak aurrez aurre eduki dituela Serrano eta Silvestre, nahiz eta tirabirak ez dituzten inoiz argitara atera nahi izan. Oraindik ere ez daude ados. Berdintasun Legea garatzearen aldekoa da Silvestre, bortizkeria berariazko lege batean landu ordez. Serranok, aldiz, legean tematuta jarraitzen du: «EAEko lege esparruan gabezia bat dago, eta uste dut garrantzitsua dela biktimen prebentzioa, babesa eta arreta hobetzeko legea. Baina halako lege ekimen batek adostasuna behar du; orain ez daukagu, baina bilatu beharrekoa da».

Emakunde ere, kritikatua

Emakunde eta mugimendu feminista urruntzea ere ekarri du gatazka horrek. Otsailean lege aurreproiektuaren kontra ia 50 taldek emaniko prentsaurrekoaren ostean isilik geratzea eta elkarteok ez defendatzea leporatu diote Silvestreri. Hura ez dator bat: «Emakundek bere funtzioa bete du: berdintasuna eta emakumeen interesak defendatu ditu, eta Euskadin emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko politika guztiak onenak izan daitezen sustatu du. Baina dagokion tokitik jardun da: gobernutik».

Feministentzat, ordea, inflexio puntu bat gertatu da legegintzaldian. Emakundek «pisu politiko eta instituzionala» galdu duela antzeman dute: jada ez da erreferentzia, Serranoren zuzendaritzak erabakitzeko ahalmen handiagoa agertu duelako praktikan. Gainbehera horren seinaletzat jotzen dute hiru urteotan proiektu berririk abiatu ez izana. Horretan ere, Silvestre ez da iritzi berekoa: «Mainstreaming-ean asko aurreratu dugu, genero ikuspegia duten aurrekontuetan, adibidez, eta politika publikoak ebaluatzeko eredua aldatzean. Pixkanaka lortzen ari gara kudeatzaile publikoak jabe daitezen berdintasuna kontuan hartu behar dutela edozein neurri hartzerakoan».

Itxaropena handiagoa zen, halere. PSE-EErekiko loturarik gabeko bi andre jarri zituzten erakundearen gidari: Silvestrek trebakuntza feminista zabala zuen —Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko masterra zuzentzen zuen Deustuko Unibertsitatean—, eta Arantza Elizondo izendatu zuten idazkari nagusi—harremana zeukan mugimendu feministarekin—. Parte hartzearen alorrean, baina, talde feministekin bildu ez izana aurpegiratu diete, eta Silvestrek aitortu du ez dutela asmatu estrategiarekin: «Feminismo akademikoaren, sozialaren eta instituzionalaren arteko topagune bat aurkitu nahi nuen, baina zaila da. Mugimendu sozialak erakundea kritikatu behar du, eta ez genituen elkarteak hipotekatu nahi».

Andreen babesa eztabaidagai

Edonola ere, inflexio puntu horrek eragina izan dezake etorkizunean, Herrizaingo Sailaren politikei egotzi dieten «ikuspegi okerra» zuzendu ezean. «Indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparrua aldatu dute: parekidetasunik ezaren alorretik segurtasunarenera eraman dute», azaldu du FeministAldeko kide Maitena Monroyk. Feminismoaren eskari historiko batetik urrundu da Jaurlaritza: bortizkeriaren aurka borrokatzeko, berdintasunaren alde egin behar da. Bi jardunak bereizi ditu gobernuak, Anabel Sanzen hitzetan: «Segurtasuna jarri du erdigunean, eta gainerako politikez ahaztu da. Ez du prebentzioa landu».

«Bortizkeria desagerrarazten lagun gaitzaketen elementuetan pentsatu ordez, bortizkeriaren egiturazko kausetara jo ordez, paternalismoz jardun dute», zehaztu du Monroyk. Ildo horretan kokatu du hainbat biktimari bizkartzaina jarri izana: «Indarkeria jasaten duten emakumeen kexa da eurak daudela kontrolatuta. Badirudi bortizkeriaren aurka jarduteko era bakarra dela hori: andreak biktima pasibotzat hartu, kanpotik babestu, eta babes hori gizonezko batengan ezarri».

Hain justu, legegintzaldiko beste eztabaida nagusia izan da emakumeak nola babestu. Batik bat, ETAren jardun armatua etetean igo zirelako andreei emandako eskoltak: 2010ean, 36k izan zuten bizkartzaina; 2011ko urrian, 52koa zen hala babestutakoen kopurua, baina hilabete bakarrean 135era igo zen. Auziaren inguruko hausnarketa aldarrikatu du feminismoak, baina azken urteko joera horren atzean beste interes batzuk daudela ohartarazi du Sanzek: «Zergatik babestu behar dugu eskolten enplegua? Kasualitatea da sektore maskulinoa izatea, Herrizaingo Sailari lotua, eta segurtasun enpresak politikari jakin batzuen esku egotea?».

Bihar: Kultura arloko politika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.