Larrialdi zerbitzuak gizon baten bila dabiltza Bidasoa ibaian, Irun parean (Gipuzkoa). Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizona, beste lagun batekin batera, lapurretan ari zen Irungo hornitegi batean. Goizaldeko 01:34ean izan du horren berri Poliziak, eta, zenbait patruila bertaratutakoan, ihesari ekin diote lapurrek. Haietako batek orduan egin du salto ibaira, Behobiako zubiaren eta Faisaien uhartearen artean. Desagertuta dago ordutik.
Azken egunetako euriteen ondorioz, oso hazita dago Bidasoa ibaia. Gizonak uretara jauzi egin bezain pronto hasi dira haren bila suhiltzaileak eta Gurutze Gorria, eta elkarlanean dabiltza Hego eta Ipar Euskal Herriko erakundeak. Itsas Salbamentuaren helikoptero bat ere ibili da lanean goizean.
Beste lapurra, 31 urteko gizona, atxilo hartu du Ertzaintzak, egotzita indarkeria baliatuta lapurretan egitea. Ehun gramo haxix ere ebatzi dizkiote, eta osasun publikoaren aurkako delituagatik ere ikertuko dute.