Osasuna eta generoa (I). Medikuntza, gizonek gizonentzat

Berezitasunak, bereizketa bihurtuta

Gizonen gaixotasunak aztertuz eratu da medikuntza. Ondorioz, zientziak ikusezin egin du emakumeen osasuna, ez baititu ikertu haien sintomak, arrisku faktoreak eta eritasunen bilakaera.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Kardiopatiei buruz 1980ko hamarkadan egindako lan zientifikoan, artikulu bakarrak aipatzen zituen emakumeak gaitz kardiobaskularrekin lotuta. Hartara, zientzialariak eta osagileak ez ziren konturatu bihotzekoaren sintomak desberdinak zirela gizonezkoetan eta andrazkoetan; ezkerreko besoko minaren ordez, goragalea izan ohi dute emakumeek, sabelaren goialdetik masailezurrera igotzen den minarekin. Bernardine Healy Amerikako Estatu Batuetako kardiologoa izan zen lehena salaketa egiten, 1991n; zientzia gisa barneratutakoa sineskerietan oinarritzen zela azaleratu zuen. Andreak euren hormonek babestuta zeudela uste zuten sendagileek, hau da, estrogenoen ondorioz ezin zutela bihotzekorik izan; funtsik gabekoa ez ezik, okerra ere bazen ustea, gero frogatu baitzen estrogenoak tronbogenikoak direla.

Bihotzeko gaitzen ikerketan antzemandako hutsune horiek agerian uzten dute zientziak eta medikuntzak ez dituztela parekidetasunez tratatzen emakumeak. Andrazkoen berezitasun biologikoak diskriminaziorako tresna bihurtu dituzte. «Medikuntza ez dago berezitasunok artatzeko prestatuta. Morbilitate diferentzialerako zientzia garatu behar da», azaldu du Carme Valls-Llobetek, Kataluniako CAPS osasuna ikertzeko taldeko mediku eta endokrinologoak. 2009an Mujeres, salud y poder liburuan (Emakumeak, osasuna eta boterea) garatu zuen bere tesia: «Ikertu behar dutenen burua lainotzen dute botere harremanek. Andreekiko aurreiritziak daude medikuntzan, gainerako zientzietan bezala: ikusezinak gara, gertatzen zaigunak garrantzi txikiagoa du, eta, era berean, gure gorputzak kontrolatu nahi dituzte, botikez isilarazi, erabakirik har ez dezagun».

Funtsean, medikuntzaren eta osasunaren inguruko zientzia androzentrikoa da. «Medikuntzak gizonetan aztertu ditu osasuna eta gaixotasunak», laburbildu du Charo Quintana ginekologoak, Eusko Jaurlaritzak 2007an aurkeztutako Emakumeak eta osasuna programaren arduradunak; «Andreek hilekoa dutela eta haurdun gera daitezkeela argudiatuta, patologia handiei buruzko entsegu klinikoetatik baztertu dituzte luzaroan». Berriki bihurtu da derrigorrezko andrazkoak entseguotan txertatzea, «baina oraindik emakume proportzio txikiak jotzen dira egokitzat».

Sexurik gabeko eritasunak

Vallsek ondorioztatu du adituen ezagutza ez dela neutroa: «Medikuntza fakultateetan irakatsi diguten zientzia ospitaleetako lanean oinarrituta dago, eta han gizonak egon dira batez ere, patologia akutuekin. Emakumeek gaitz kroniko gehiago dituzte, baina horiei buruzko zientzia gutxiago dago». Historiari begiratu bat eman besterik ez dago. Traumatologiatik sortu zen Mendebaldeko herrialdeetan egiten den medikuntza, gerretan hautsitako gorputz atalak konpontzeko beharretik. Handik aurrera eratutako zientziak normaltzat hartu zituen ospitaleetara joandako gizonen ezaugarriak, eta normaltasun parametro haiek egotzi zizkien emakumeei ere.

Eredu horren arabera, gaixotasunek ez dute sexurik: berdinak dira gizon eta emakumeetan. Baina andrazkoen gorputzek ezaugarri eta prozesu diferenteak dituztela kontuan hartu ez izanak ikusezin bihurtu ditu emakumeen artean nagusi diren eritasunak: «Nekea eta mina, hau da, andreei gehien eragiten dieten osasun arazoak, ez dira ia ikertu. Hortaz, oso erraza da neke hori arazo psikiatrikoei egoztea, eta botikak ematea. Medikalizazioa da mundu garatuko emakumeei gertatzen ari zaigun okerrena».

Eritasun batzuek sexuaren arabera sintoma eta bilakaera desberdinak dituztela ere ez du ikusi zientziak, eta horrek hainbat gaitz diagnostikatzea eta ondo tratatzea oztopatu du. Kardiopatien esparruan, adibidez, gizonek bihotzeko gehiago izaten dituzte, baina emakume gehiago hiltzen dira bihotzekoen ondorioz, hurrengo sei hilabeteetan: andreen %66 eta gizonen %33.

«Emakumeen gorputzean gertatzen dena ondo ez diagnostikatzeari» egotzi dio hori Valssek. Gertaeren sekuentzia logikoa irudikatu du: «Goragalearekin familia medikuarengana joaten bazara, eta tripako mina diagnostikatzen badizu, ez zara garaiz joango ospitalera, eta kardiopatia hasi osteko bost orduetan aplikatu beharreko terapia ez duzu jasoko. Ondorioz, bihotzekoa larriagoa izango da, eta ondorengo arritmiak ere, okerragoak». Andre gehien hiltzen duen arazoa dira zirkulazio aparatuko gaitzak.

Bihotzekoa patologia maskulinotzat hartu izanak ekarri du, era berean, arrisku faktoreen kontrola txikiagoa izatea emakumeen artean, eta andrazkoetan ohikoagoak ziren arazoetan indarrik ez jartzea, hala nola loditasunean, hipotiroidismoan eta hormona bidezko antisorgailuen ondorio nahigabekoetan. Ondorioz, andreak osasun egoera txarragoan heltzen dira kardiopatia larrien unera.

Akatsak ere badaude arrisku faktoreen prebentzioan. «Oso arazo larria da: ikusten ari gara tratamendu klasiko batzuek bestela funtzionatzen dutela emakumeengan», jakinarazi du Quintanak. Bihotzekoak saihesteko, azido azetilsalizilikoa dosi txikietan hartzea gomendatu izan zaie gizonei, haien %32rentzat eraginkorra baita; andreengan, ordea, kaltegarria izan daiteke, hemorragia gastrointestinalak sortzeraino. Kolesterolaren aurka ere estatinak errezetatu dituzte, aurretik bihotz arazoak izandako gizonei on egiten dietelako, baina gaixotasun kardiakorik edo diabetesik ez duten andreentzat txarra da.

Ezagutza falta hori estereotipoekin uztartzen dela erantsi du ginekologoak: «Esfortzu diagnostikoa eta klinikoa txikiagoak dira emakumeekin: froga gutxiago, kateterismo gutxiago...». Izatez, medikuen eta pazienteen arteko botere harremanetan indarkeria ere egon daitekeela uste du Vallsek. Osagileen jardunean jarri du jomuga: eria kontsultara heltzean ez agurtzea, diagnostikoa egitea pazientea aztertu gabe eta haren ekarpenak kontuan hartu gabe, minez dagoenari ezer ez duela esatea edo nekea normaltzat jotzea, erabaki bat autonomiaz hartzeko behar adina informaziorik ez ematea, tratamenduak inposatzea...

Biologia baino gehiago

Europako iparraldeko herrialdeetan auzi horri buruz egindako lanen arabera, ginekologoarenean sentitzen dira andreak makurtuen, erabakitzeko gaitasunik gabe. «Emakume progresistek antzematen dute osagileak eredu biomediko batean hezi gaituztela eta trataera biologizista egiten dugula: obarioak eta umetokia baino ez ditugu ikusten, eta batzuetan ugatzak; autonomoak, gorputzik gabe, izakirik gabe. Eta hori oso frustragarria da», onartu du Quintanak.

«Ez zaigu interesatzen nola dauden, euren gorputzak ezagutzen dituzten, sexu harremanekin pozik dauden, gehiegi lan egiten duten, edo bi ume txiki zaindu behar dituztelako lo egin ezinda dabiltzan». Izan ere, biologikoak ez diren beste hainbat aldagaik ere gaixotzen dituzte emakumeak: «Bakterioak zer diren ulertzen dugu, eritasun sozialak, pobrezia, mendekotasunak... baina ez gaituzte prestatu generoa ulertzeko».

Bihar: Morbilitate diferentziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.