Forentseek gaur ekin diote berriro atzo Beriainen aintzira batean hilda agertu zen gaztearen autopsia egiteari. 22 urte ditu, eta Burlatan bizi zen. Hasiera batean hipotesi guztiak zabalik bazeuden ere, indarkeria zantzuak zituela esan zuen atzo gorpua aurkitu zuenak, eta lepoa estututa hil zutelako hipotesia indarra hartzen ari da.
Yanela Zaruma Cabrera zuen izena hildakoak. Bere sendiak atzo salatu zuen desagerketa, gorpua agertu eta ordu batzuk geroago. Ez zuten igandetik Cabreraren berririk. Auzia iruñeko instrukzioko laugarren epaitegiak hartu du, eta sekretupean jarri du sumarioa. Genero indarkeria ote den aztertzen ari dira.
Indarkeria Sexistaren Kontrako Nafarroako Emakumeon Plataformak gaur emakumeen kontrako jazarpena salatzeko kontzentrazioa deitu du Iruñean, 20:00etan udaletxeko enparantzan, Aski da! leloarekin. Bilkura deitzeko oharrean indarkeria sexistarekin amaitzea guztion ardura dela gogoratu dute.