Osasun zerbitzuek zazpi pertsona artatu dituzte beroagatik Araban eta Gipuzkoan

Tenperatura beroengatik abisu horia aktibatu dute gaur ere Araba hegoaldean, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian.

Orioko hondartzako artxiboko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
Orioko hondartzako artxiboko irudi bat. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko abuztuaren 8a
15:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Termometroak 30 gradutik gorako tenperatura markatu du azken egunetan. Atzo ere bero handia egin zuen Euskal Herriko hainbat txokotan, eta, Osakidetzak emandako datuen arabera, zazpi pertsona artatu behar izan zituzten. Gaur ere abisu horia aktibatu dute ia Euskal Herri osoan, eta bihar arte iraungo du. 

Gipuzkoan sei pertsona artatu zituzten atzo osasun zerbitzuek, eta bestea Araban. 17 eta 72 urte bitartekoak ziren denak, eta horietatik bost ospitalera eraman behar izan zituzten. Gehienek zorabioak zituzten, baita nekea ere.

Gaur ere abisu horia aktibatu dute tenperatura beroengatik Nafarroan, Lapurdin, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Araba hegoaldean. Nafarroan eta Araba hegoaldean 40 gradu inguruko tenperatura espero dute, eta kostaldean, berriz, 30 gradu inguru. 

Berotik babesteko aholkuak

Abuztuan sartu eta berehala, astelehenarekin, abisu horia ezarri zuten Hego Euskal Herrian beroagatik, eta hori baliatu du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ohiko gomendioak zein diren gogorarazteko. Bereziki lau urtez azpiko haurrengan, gaixo daudenengan, kanpoan kirola egiten dutenengan eta helduengan jarri du arreta. Azken horiei dagokienez, Osasun Sailak aholkatu du harremanetan mantentzeko bakarrik bizi diren adinekoekin, eta inor ez uzteko ibilgailu itxi baten barruan.

Nafarroan, bestalde, suteak pizteko «arrisku handia» dagoela adierazi dute meteorologia zerbitzuek. Horregatik, SOS Nafarroak gomendatu du sutea eragin dezakeen jarduera oro saihesteko, eta sua ikusiz gero 112 telefono zenbakira deitzeko ahal bezain laster. Gaineratu dute sugarrek indarra hartuz gero haizearen kontrako norabidea hartzeko, kearekin ez itotzeko; eta maldan behera jaisteko, sua gorantz azkarrago joaten delako. Era berean, aholkatu dute kasu horretan ahoa eta sudurra oihal heze batekin estaltzeko, kerik ez arnasteko. Bestalde, azaldu dute erretzeko ezer ez dagoen gune batera joatea dela aproposena; adibidez, landare gutxiko lekuetara. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.