Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Â
Francoren heriotzaren eguna primeran gogoratzen dut. Nolabait, bi aldiz eman zidaten albistea. Urrian gobernuz kanpoko foro bat egin genuen emakume batzuok Alemaniako Errepublika Demokratikoan, eta han egonda, urriaren 20ko astean-edo, hango telebistan esan zuten, derrepentean: «Franco hil da». Eta nik pentsatu nuen neure artean: «Baina nola hilko zen, bada, ni hemen egonda!». Nire bulegora deitu nuen, eta esan zidaten Franco erietxeratu egin zutela gripe bategatik. Pentsatu nuen: «Ea hauek mugak-eta itxi behar dituzten... Banoa korrika Espainiara».
Beraz, Espainiarako bidea hartzea erabaki nuen. Eta, herrialde sozialista batetik zuzenean ez itzultzearren, aurrena Txekoslovakiara jo nuen, gero Zurichera (Suitza), eta handik Madrilera. Orduan, iritsi nintzen, eta egun horiek izugarriak izan ziren. Zeren zerbait ospatzen genuen bakoitzean cava eskatzen baikenuen —orduan ez zegoen xanpainik—, eta mundu guztiak esaten zuen: «Jada bai?». Beraz, esaten genuen: «Edo Franco hiltzen da, edo gu geu hilko gara gibela izorratuta, hainbeste ospatzearen ondorioz».
Azaroaren 20an, artean Francoren heriotzaz ezer jakin gabe, El Juncon egon nintzen; nolabaiteko bilgune bat zen, eta hara joaten ginen edatera, dantza egitera... Etxerako bidea hartzea erabaki nuen, eta, handik irtetean, batzuei zera entzun nien: «Hori da...». Autoa hartu, eta atzetik jarraika nituela nabaritu nuen. Horretaz jabetuta, El Juncora itzuli nintzen; ez nuen etxera joan nahi, atzetik nituen eta.
Auzitegietako prokuradore batekin atera nintzen berriro, eta haren etxera joan. Moncloatik pasatzean, han zeuden falangista guztiak koroekin-eta, azaroaren 20 guztietan Jose Antonio Primo de Rivera ospatzen baitute. Prokuradore horrek ez zuen telefonorik etxean, eta hurrengo goizean taberna batera jaitsi nintzen, han, Aluchen [Madrilgo auzo batean]. Isiltasuna erabatekoa zen. Berokiko botoi bat erori zitzaidan, eta hura josten ari nintzen taberna hartan, kafe bat hartzen ari nintzen bitartean. Eta derrepentean Arias Navarro azaldu zen telebistan, eta esan zuen: «Espainiarrok, Franco hil da». Tabernaria eta ni besterik ez geunden taberna hartan, eta elkarri begiratu genion. Gero, telefonoz deitzeko eskatu nuen, etxera hots egin nuen, eta lehengusu batek esan zidan gau osoan jendea deika aritu zela nitaz galdezka. Nik ez nekien ezer.
Hil zela jakin nuenean, neure artean pentsatu nuen bazela garaia. Francok, azken boladan, ematen zidan sentsazio bat ez zegoela bizirik, baizik eta bizirik iraunarazi egiten zutela, besteek probetxua atera ahal izateko. Askok zera esaten dute: «Ohean hil zen». Noski, nahiago nuke ohean hil izan balitz, erail izan balute baino. Epaitzeko aukera eduki izan bagenu... Iruditzen zitzaidan jada ez zuena batere eraginik, baina bi hilabete lehenago bost pertsona hil zituen... Pena lehenago hil ez izana, urte hartako iraileko bost hilketak agindu aurretik.
Zer zetorren jakin gabe, beste herrialde bat zetorrela pentsatzen nuen, miseria bukatuko zela, izan ideologikoa edo bestelakoa. Espektatibak nituen; esaten nuen: «Herrialde berri bat izango da, eta guk eraiki behar dugu». Nola? Ahal bada, batasunean oinarrituta, eta inor bakartu gabe; izan ere, esaterako Alderdi Komunista bakartzeko asmoa zegoen, zeina dena ematen aritu zen frankismoan. Gainera, ez genuen argi zer gertatuko zen gurekin, ea errepresaliaturik egongo zen... Aiduru geunden, baina iruditzen zitzaigun etorkizuna hobea izango zela. Hori bai, orainaren eta etorkizunaren arteko tarte horretan, erabaki zitekeen indarrez jokatzea, bortxaz, atxiloketak eginez... Izan ere, ez genekien nola erreakzionatuko zuen artean frankismoaren gorputz politiko eta errepresiboa zenak.
Nolanahi ere, frankismoa ez da egun batetik bestera hausten Franco hil delako. Frankismoa, bere horretan, ez zen ideologia bat: gobernatzeko modu errepresibo bat zen. Hortaz, artean egitura errepresiboak existitzen zirenez, pentsatzen nuen erabil zitezkeela ezein aurrerabideren edo demokrazia zantzuren kontra egiteko. Bestetik, uste nuen Francoren figura kentzeak bide emango zuela beste askok garrantzi politikoa har zezaten. Eta, sasoi hartan, nik gustuko nituen Konbergentzia Demokratikorako Plataforma, Platajunta... Horiek denak poloak ziren, eta niri orduan oso garrantzitsuak iruditzen zitzaizkidan, baina gutxi iraun zidaten; izan ere, gero Atochako gertakariak izan ziren, eta horrek denak min izugarria eragin zidan.
Gainera, 1977ko Aste beltza deitutakoa hartu behar da gogoan. Aurrera ez egiteko saiakera zen hura, demokraziarantz ez egiteko ahalegina. Baina, Atochakoen hiletaren bueltan sortutako egoerari esker, atzeratu ezin zen zerbait bihurtu zen demokrazia; eta, sindikatuak eta PCE [Espainiako Alderdi Komunista] legeztatzearen ondorioz, bertan behera geratu zen ordura arte frankismoak edukitako maniobra tartea, nolabait.
Eta oso aintzat hartu beharreko beste aldagai bat frankismoaren kultura da. Eta hori da ezer ez jakitearen, gezurraren, beldurraren kultura. Hori dena jendearengan geratzen da. Modu jakin batean hezi gintuzten denok, eta, ezjakintasun hura bukatu zenean, eta bestelako zinema bat ikusten hasi ginenean, beste liburu batzuk irakurtzen, beste gauza askori buruz hitz egiten, poz eta itxaropen aldi bat abiatu zen herrialdean.
Dena den, frankismoa ez da bukatu. Orain, jende bat, diru askoren laguntzaz, saiatzen ari da frankismoa zuritzen. Gazte askok diote, gainera, ia hobe zela diktadura bat, demokrazia bat baino. Ez dakite zer den diktadura batean bizitzea, eta demokrazia batean, bai; are, demokrazia batean frankistak ere izan daitezke, askeak dira eta. Egia esan, ez dut uste kultura hori denbora gutxian desegin daitekeenik. Heriotzaren bidez, oztopo bat kendu zen erditik, baina kultura sortu behar da askatasuna edukitzeko aukeratik.
Â
Cristina Almeida Castro (Badajoz, Espainia, 1944) abokatu eta politikari espainiarra da. 1966an hasi zen abokatu lanean, eta berehala hasi zen langileen eskubideen eta preso politikoen defentsan. PCE Espainiako Alderdi Komunistan sartu zen 1964an, eta Izquierda Unida koalizioaren sorreran parte hartu zuen 1986an; Espainiako Kongresuko diputatu aukeratu zuten 1989an. Azken urteetan feminismoan jardun izan du batez ere, eta telebista saio ugaritan aritu da iritzigile.